undefined

82ko Mundu Kopa San Mamesen

82ko Mundu Kopa San Mamesen

Bilbo eta San Mames Ingalaterraren anfitrioiak izan ziren nazioarteko txapelketa nagusian. Gaurko egunez duela 40 urte, Katedralak mundu mailako hiru partidetako lehena hartu zuen

Gaur berrogei urte, San Mamesek 1982ko Munduko Txapelketako lehen partida hartu zuen. D multzoko neurketa zen, Ingalaterra Frantziaren aurka, eta Britaniar Uharteetako taldea 3-1 gailendu zen. Bilbo Ingalaterrako selekzioaren hiri anfitrioia zeen, eta hauen multzoen faseko hiru partidak Katedralean jokatu ziren. Emozioa nabarmena zen hiria, izan ere, bilbotarrek Ron Greenwood entrenatzailaearen taldearen eta Athletic Cluben arteko neurketa ikusia zuten San Mamesen hiru hilabete lehenago, lagunarteko partidan (1-1).

Bero kiskalgarriko egun batean, 44.000 pertsona inguruk hitzordurako birmoldatu zen zelaia bete zuten mundu mailako neurketa ikusteko. Gainera, ikusle horiek txapelketaren historiako golik azkarrenetako baten lekuko izan ziren, Bryan Robson erdilari ingelesak 27 segundotan sartu zuena.

Ingalaterrako selekzioa San Mamesen, 82ko Mundu Kopan / AC Museoa

Frantziak, Michel Platini gazte batek inspiratuta, berdindu egin zuen 24. minutuan Gerard Solerren golari esker, baina Robsonek eta Paul Marinerrek bigarren zatian sartutako golek garaipena eman zioten Ingalaterrari estreinaldiko partidan.

Ronnie Allen Athletic Clubeko entrenatzaile ohiak, Ingalaterrak Bilbon egin zuen egonaldian La Gaceta del Norten egunero zutabe bat idazten zuenak, San Mameseko giroa goraipatu zuen lehen partida horretan: “Bikain artiu zen Bilboko publikoa, San Mames ikusgarri zegoen. Ingalaterra hemen irabazten ikustea ohorea izan da”.

Lau egun geroago, Ingalaterrak Txekoslovakia garaitu zuen. Trevor Francisek ingelesak aurreratu zituen eta Jozef Barmomudek bere atean sartutako gol batek behin betiko 2 eta 0-koa ezarri zuen. Greenwooden taldeak 1-0 irabazi zuen gerora Kuwaiten aurka. Partida horretan Francisek sartu zuen berriro eta Ingalaterrak hiru garaipen sinatu zituen hiru partidatan.

Txekoslovakiaren hamaikakoa San Mamsen, Ingalaterraren aurka aritu aurretik / AC Museoa

Ingalaterrako selekzioa Santiago Bernabeura joan zen multzoen bigarren fasea jokatzeko, baina kanporatua izan zen Espainiaren eta Mendebaldeko Alemaniaren aurka hutsean berdindu ondoren. Italia izan zen 82ko Munduko Txapelketa hartako txapelduna.