Informazio erabilgarria: Athletic Club – RCD Mallorca

Informazio erabilgarria: Athletic Club – RCD Mallorca

San Mamesera joango direnek aintzat izan behar dituzten datuak, 2022-23 Ligako lehen jardunaldirako, astelehen honetan, 17:30ean

San Mamesen jokatuko da astelehen honetan (17:30ean) Athletic Cluben eta RCD Mallorcaren arteko 2022-23 denboraldiko lehen jardunaldia. Jarraian, Katedralera hurbilduko diren guztiek aintzat izan beharko lituzketen hainbat xehetasun zerrendatuko ditugu:

Ateak irekitzea

San Mamesera sartzeko ateak 16:00etatik aurrera izango dira zabalik. Mesedez, joan zaitez behar besteko aurrerapenarekin zelaira sartzea arintzeko, azken orduko pilaketak saihesteko eta partidaren hasieraz lasai gozatu ahal izateko.

Sarbidea zure bazkide txartelarekin

San Mamesera sartzeko dokumentua bazkide txartela izango da, fisikoa edo digitala, eta app-aren txartel digitala soilik GAZTE ABONOArentzat.

Aplikazio ofizialaren bidez sartu ahal izango da "nire txartela" atalean, partidaren aurreko orduetan gaituko den QR kodearen bidez.

Partida honetarako bazkide-txartela lagatzeko aukera egongo da Athletic Clubeko app ofizialaren bitartez, partida hasi baino bi ordu lehenagora arte.

Sarreren salmenta

Txarteldegiak San Mameseko 6. eta 7. ateen artean daude, eta ordutegi honetan egongo dira irekita:

  • Abuztuaren 14an, 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20:00etara.
  • Astelehena, abuztuak 15, 10:30etik 13:00etara eta 15:30etik aurrera.

Gainera, online salmenta uneoro dago aktibo partida hasi arte. Sarrerak online erosi.

Publikoak lau sarrera baino ezingo ditu erosi pertsona bakoitzeko, agortu arte.

San Mames BAT sarrerak

Halaber, San Mameseko erdiko eraztunean, Katedralean esperientzia paregabea bizitzeko Matchday Experience sarrerak salgai daude (partida hasi baino 24 ordu lehenago arte).

San Mames BAT sarrerak online erosi. 

Sarrerak A, D eta E ateetatik egingo dira (ikusi San Mames planoa artikulu honen amaieran).

San Mameseko dendaren irekiera

Denda ofiziala (San Mameseko 26. eta 0. ateen artean kokatuta) 10:00etatik 20:00etara izango da zabalik, etenik gabe.

Gogoratu Athletic Clubeko online dendan ere egin ditzakezula zure eskaerak. Lehoien Ligako estreinaldia dela eta, online dendan egiten diren erosketek 5 euroko deskontu-kupoia dute, 50 euroko gastutik aurrera.

Ostalaritza zerbitzuak

Gozatu Geuria!-n, San Mameseko 13. atearen ondoan dagoen gure tabernan,  13:00etatik aurrera, gaurko partidaz edari eta janari eskaintza anitzarekin eta lehia pantaila erraldoietan ikusteko aukerarekin.

La Campa de los Ingleses taberna 10:00etatik 14:00etara izango da zabalik, pintxo eta edari zerbitzuarekin.

AC Museoa eta Tour San Mames

Athletic Club Museoa bisitatu ahal izango da (20. atearen ondoan) 10:00etatik 14:00etara. Partida eguna denez, San Mameseko Tourra 12:45ak arte bakarrik egin ahal izango da.

Erreserbatu zure plaza orain.