"Asko gozatzen ari naiz zelaian"

"Asko gozatzen ari naiz zelaian"

Hiru golekin, Alex Berenguer Athletic Cluben hasiera on honetan nabarmentzen ari da eta "horrela jarraitu" behar dutela uste du

Alex Berenguerrek agerraldia egin du komunikabideen aurrean San Mamesen berriz jokatu baino hiru egun lehenago, oraingoan Rayo Vallecanoren aurka, LaLigako seigarren jardunaldian. Futbolari zuri-gorria pozik dago oro har orain arte egin dutenarekin: "Bide onean gaudela eta gauzak ondo egiten ari garela uste dut. Horrela jarraitu behar dugu. Pertsonalki ere oso ondo sentitzen naiz. Ikusten da asko gozatzen ari naizela zelaian, oso lasai jokatzen dut, gogo handiz. Iaz blokeatu egin nintzen golak sartzen ez zirelako eta aurten presiorik gabe jokatzen ari naiz eta sartzen ari dira. Obsesionatzen bazara, gauzak ez dira ateratzen. Jose Carrascosa psikologoak asko lagundu dit".

Talde madrildarrari buruz galdetuta, 7 zenbakidun zuri-gorriak lehoien hurrengo aurkaria aztertu du: "Nahiko talde borrokalaria da, iaz bi partidetan gauzak zailak jarri zizkigun. Neurketa gogorra eta nahiko lehiatua izango dela uste dut, joan-etorri askorekin, haiek jokalari azkarrak dituztelako goian. Ondo egiten duguna egin behar dugu. Goian presionatu, baloia azkar jokatu eta markagailua lehenbailehen irekitzen saiatu".

Azkenik, Berenguerrek zaleen laguntza hurbiletik sentitzeak duen garrantzia azpimarratu du: "Zaleak oso garrantzitsuak dira guretzat, eta jendea San Mamesera joaten jarraitzera animatzen dut. Asko laguntzen digute partidetan. Giro polita espero dut".