"Partida zaila izango da, baina ikusteko polita"

"Partida zaila izango da, baina ikusteko polita"

Martinez Valeron etxetik kanpo lortutako garaipen handiaren ondoren, Ernesto Valverdek onartu du biharko norgehiagoka "San Mamesen jokatu diren gainerako partidetatik ezberdina izango dela"

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak bere iritziak eman ditu Rayo Vallecanoren aurkako biharko partidaren atarian, eta "partida gogorra, polita eta ezberdina" espero duela onartu du: "Guk eta haiek jokatzen dugun bezala, partida zaila izango da biontzat, baina ikusteko polita. Biharkoa ez da Katedralean jokatu diren gainerako neurketen antzerakoa izango. Rayok batzuetan distantzia ematen dizu, baina ziur presioa gorago botako digutela eta gol aukerak sortuko dituztela".

Athletic Clubek San Mamesen orain arte lortu dituen emaitzez galdetuta, honako hau erantzun du entrenatzaileak: "Badugu hobetzeko aukera. Egia da ez ditugula ez emaitzak ez San Mamesen izan nahi dugun bolada golegilea izan. Gogor ari gara lanean etxean gure zenbakiak hobetzeko. Aurkariak zail jarriko digun arren, bihar beste aukera bat dugu gure publikoaren aurrean hiru puntu lortzeko".

Biharkoa ez da edozein partida izango. Valverdek Andoni Iraola izango du lehen aldiz aurkari entrenatzaile gisa, zuri-gorrien aulkian estreinatzen zen egunean Valverdek debutarazi zuen lehoi ohia. Entrenatzaileak aitortu du Iraolak zuzentzen duen taldeak gauzak zailak jarriko dizkiola hamaikako zuri-gorriari: "Partida berezia izango da. Urte askotan jokalari gisa izan dudan, ondo ezagutzen dudan eta berak ni ondo ezagutzen nauena Andoniri aurre egiten diodan lehen aldia izango da. Oro har, etxean zein kanpoan neurketa gogorra izaten da beti, baina zaletasunen arteko kidetasun berezia du Athletic eta Rayoren neurketak. Iraolak ez nau ni bakarrik izan entrenatzaile, pertsona argia da eta bakoitzetik gehien gustatu zaiona erabiliko du. Andoniren taldea ezaguna da, goian estutzen zaitu, ausarta da, tarteak barrutik ixten dizkizu eta jokoaren protagonista izaten saiatzen da".