"Puntuak joko-mailaren ondorio dira"

"Puntuak joko-mailaren ondorio dira"

Ernesto Valverdek taldeak konfiantza duela eta horrek "etengabe berrelikatzen" dituela aitortu du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da bere taldeak 4-0 irabazi baitio UD Almeriari San Mamesen: "Argi dago egiten duzun lanak emaitzetan isla duela ikusten duzunean horrek konfiantza ematen dizula eta konfiantza puntu horrek etengabe berrelikatzen zaituela. Talde borrokalaria gara, eta gaur gogotsu geunden denboraldi-tarte hau ondo hasteko. Hasieran eraso batzuekin harritu gaituzte, baina pixkanaka kontrola hartu dugu eta lehen golak lasaitasuna eman digu".

Entrenatzaile zuri-gorriaren ustez, bere jokalariek oso neurketa ona osatu dute: "Ez dugu partida osoan zehar erritmoa jaitsi. Indartsu bagaude eta erasoan estutzen badugu, badakigu aukerak irits dakizkigukeela, eta hala izan da. Lau gol egin ditugu eta beste bat baliogabetu digute. Norgehiagoka beti bizirik mantentzea eta aukera gutxi jasotzea interesatzen zaigu".

Azkenik, daramaten bolada onari buruz galdetuta, Valverdek badaki bide onean daudela, baina oinak lurrean mantentzen ditu: "Puntuak joko-mailaren ondorio dira. Talde batek menperatzen duena egin behar du. Proposatzen duzun jokoa egitea lortzen baduzu eta ondo egiten baduzu, puntuak iristen dira. Gauzak egitera ausartzen gara eta San Mameseko giroa aparta da. Horrela jarraitzea espero dugu, baina hau luzea da eta oraingo saikapenak ez du ezer esan nahi".