Presidentearen hitzaldia 2022ko Ohiko Batzar Nagusian

Presidentearen hitzaldia 2022ko Ohiko Batzar Nagusian

Jon Uriarteren hitzak bazkide konpromisarioen bileraren hasieran

Erantsitako bideoan, Jon Uriarte Athletic Clubeko presidenteak 2022ko Ohiko Batzar Nagusiaren irekieran emandako hitzaldi osoa ikus dezakezu.

"Eskerrik asko Euskalduna Jauregira lanegun batean hurbildu zareten guztioi, baita zuen etxeetatik urrutitik jarraitzen ari zaretenoi ere.

Gaurkoa gure lehen Ohiko Batzar Nagusia da eta gai-zerrenda oso luzea da. Bozketak arintzeko aldaketa batzuk egin ditugun arren, litekeena da bilera berandu amaitzea; beraz, ez dut diskurtso trinko batekin luzatu nahi. Minutu gutxi batzuetan laburbiltzen saiatuko naiz, zein izan diren gure lehen urratsak, nola egingo dugun aurrera eta zein den Klubaren egoera.

Hori baino lehen, aurreko Zuzendaritza Batzordeen eskerrak eman nahi dizkiet Athleticen alde egin duten lanarengatik. Athleticeko presidente eta zuzendari izatea izugarrizko harrotasuna da, baina, aldi berean, erantzukizun handia da eta sakrifizio izugarriak egitera behartzen zaitu. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiegu aurreko Zuzendaritza-batzordeari, Aitor Elizegirengan arreta berezia jarriz, pandemia izugarri bati aurre egin behar izan ziotelako. Baita Jon Ander de las Fuentesi eskini digun laguntzarengatik.

Dakizuenez, ekainaren 28an hartu genuen kargua, eta ordutik, hartu beharreko premiazko eta epe laburreko erabakien arteko oreka mantendu dugu, baita epe luzarako begiradarekin gure proiektua izango zenaren oinarriak ezarri ere.

Gauza konplexua da, martxan dagoen tren batean ibiltzen zarelako, eta ezin delako gelditu. Eta bere funtzionamenduari buruz ia ezer jakin gabe egiten duzu: non dagoen azeleragailua, balazta, nor den makinista, etab. Beraz, tren horri buruzko guztia ezagutzen duzun bitartean, premiazko erabakiak hartu behar dituzu epe laburrean, baina baita etorkizunari buruz ere.

Bada, lehen hilabete hauetan Kluba ezagutzean jarri dugu arreta. Horretarako, batzordeetan antolatu gara. Eta zuzendari guztiok denbora asko eman dugu horretan, batzuk dedikazio osoarekin ere aritu gara. 

Ezagutza horrekin, Klubaren diagnostikoa doitu ahal izan dugu. Kanpainan, informazioa mugatua da, zenbait iturritakoa soilik. Sartzen ez zaren arte, ezin duzu datu zehatzagorik lortu.

Epe luzerako plangintza-prozesu bat ere hasi dugu. Diagnostikoa baieztatuta daukagunean eta Kluba eta hau osatzen duten pertsonak hobeto ezagutzen ditugunean, Athletic datozen lau urteetan nora eraman nahi dugun zehaztuko dugu. Horretarako, eraldaketa-prozesu bat egin behar dugu, ondo egiten dena indartuz, txarra dena zuzenduz eta arlo berriak irekiz. Hau abenduan amaituko dugu. Garrantzitsua: ez da Zuzendaritza-batzordearen epe luzerako plan bat, baizik eta Zuzendaritza-batzordeak eta Klubeko langile guztiek partekatzen dutena. Lezama, Ibaiagne eta San Mamesen diharduten langileak, alegia. Eta, jakina, zuen ekarpenak izan nahi ditugu.

Behin hori lortuta, urteko ekintza-planak abiaraziko ditugu, helburu eta adierazle neurgarriak eta ikuskagarriak finkatzen saiatuz.

Eta gure asmoa da bazkide guztiei sei hilean behin, urteko plan horiek nola gauzatzen ari garen jakinaraztea. Hori presio ikaragarria da, baina gardentasun-ariketa garrantzitsua iruditzen zaigu. Ekainaren 28an kargua hartu genuenez, lehenengo ebaluazio-leihoa abenduaren amaieran edo urtarrilaren hasieran izango da. Bertan, Klubaren diagnostikoari, epe luzerako planari eta lehen hilabete horietan egin denari buruzko informazioa partekatuko dugu.

Baina aurrerapen gisa, lehen lau hilabete hauetan gauzatutako ekimenetako batzuk partekatuko ditugu:

Arlo ekonomikoari dagokionez, nire lankideek sakonduko dute. Besterik gabe, zehaztu nahi dut azken 10 urteen azterketa sakona egin dugula eta Athleticek bere norabidea aldatuko duten esku-hartzeak behar dituela. Abiapuntuko posizioa sendoa da. Zorpetze txikia dugu eta kutxa osasuntsua daukagu. Baina diru-sarrerak eta gastuak orekatu behar ditugu.

Lau hilabete hauetan, Athletic Clubek Kirolaren Legearen inguruan duen jarrera azpimarratuko nuke, Estatutuak ezarri eta Herri Harmaila garatzea egokitu zaigu, baita Euskara Plana bultzatu eta Klubaren 125. Urteurrenerako ekimenak landu.

Arreta berezia jarri dugu San Mameseko harmailetara jende gehiago joateko ideiari, ez gara geldituko bazkideek eserleku guztiak bete arte. Match Day kontzeptua lantzen ari gara Athletic Plazarekin, Vilarreal CF taldearen aurka estreinatuko duguna. Musikaz, haur eta nagusientzako jolasez eta beste athleticzale batzuekin batera bertan zerbitzatuko den janari eta edariaz gozatzera gonbidatzen zaituztet.

Esponsor berriekin eta egungoekin egindako akordioak berrikusteaz gain, Klubaren Eraldaketa Digitalaren lanari ekin diogu. Hala ere, lehentasuna kirol arloa da.

Emakumezkoetan, jokalarien azken irteeren ondoren taldea berreraikitzearekin batera, laguntza ematea dagokigu, egoera zailean dagoen taldea indartu, beste klub batzuek jokalariak fitxatzen dituzten bitartean.

Gizonezkoen lehen taldean, nahiz eta Camp Nou gaizki aritu, taldeak hasiera ilusionagarria egin du, Europako postuetan dago, denboraldi hasieran publikoki ezarri genuen helburua betetzen. Lehen mailako gida dugu taldea zuzentzen, Ernesto Valverde, eta laster iritsiko dira Kirol Zuzendaria eta Errendimendu Zuzendaria. Ander Herrerarena bezalako fitxaketak eta beste hainbat kontratu berritzeak egin ditugu. Eta klub osoan bezala, kontratuen aldakortasuna bultzatuko dugu, banakako eta taldeko helburuekin.

Kamiseta izerditu dugu, baina oraingoz gure lehen urratsak baino ez ditugu eman. Lehen geltokian gaude.

Hala eta guztiz ere, ziur gaude lan handia eginda eta zuen guztien babesarekin, Athleticen trena helmuga onenera eramango dugula. Athletic tradizionala baina modernoa, lehiakorra baina iraunkorra. Gure gizartean eragin positiboa izango duen Athletic. Ilusioz beteriko Athletic.

Milesker zuen harretagatik eta Aupa Athletic!".