"Ilusio handiz ekingo diogu Kopari"

"Ilusio handiz ekingo diogu Kopari"

Julen Agirrezabalak lehiaketa hau Klubarentzat zein garrantzitsua den azpimarratu du eta azken urteetako "arantzatxo hori" kendu nahi dutela aitortu du

Julen Agirrezabala Athletic Clubeko atezaina komunikabideen aurrean agertu da lehoiek Luis Suñer Pico futbol zelaian UD Alzirari bisita egin baino bi egun lehenago (igandea, 21:00etan). Zuri-gorriak Segunda RFEF mailako arerio baten aurka estreinatuko dira Kopan eta ez dute ezustekorik nahi: "Badakigu zein garrantzitsua den txapelketa hau Klubarentzat. Taldea maila ona ematen ari da azken urteetan. Egia da azken urrats hori falta izan zaigula, eta arantzatxo hori iltzatuta daukagu, baina indarberritu beharra dago. Ilusiorik handienarekin egingo diogu aurre. Formatu honekin, beheko mailetako aurkariek, beren zaleekin beren zelaian jokatuz, gauzak oso zail jar diezazkizukete. Uste dut partida serio bat egiten badugu, bai defentsan, bai erasoan, hurrengo txandara pasatzeko aukera asko izango ditugula. Neurketa desberdina da, baina finala balitz bezala egin jokatu behar dugu, hil ala bizikoa delako. Entrenatzaileak esan zuen bezala, irabazteko gutxi eta galtzeko asko dugu".

Orain arte, atezain gipuzkoarrak ez du minutu ofizialik izan denboraldi honetan eta bere aukeraren zain jarraitzen du. Badaki lehia oso handia dela: "Nire nahia Athleticen minutuak izatea da, eta ez dut inoiz irtetea pentsatu astero hemen egotea oso berezia baita niretzat. Denok nahi dugu ahalik eta gehien jokatu, baina entrenatzaileak ez dit ezer esan igandeari buruz. Ilusio handiz entrenatuko dut, orain egiten ari naizen bezala, hobetzen jarraitu eta edozein partidatarako prest nago. Tokatzen bazait, ahalik eta gehien ematen saiatuko naiz taldeari kanporaketa gainditzen laguntzeko. Argi dago zaila dela hemen minutuak izatea. Azken urteetan, Athleticek atezain onak ateratzeko ospea du, eta hori agerian geratzen ari da. Lehia oso handia da, baina nik egunez egun jarraitzen dut lanean, hobetzeko tarte handia dudala uste baitut. Horrek atezain eta pertsona gisa hobetzen lagun diezadake eta gure artean dugun giroa oso ona da. Egia da denbora daramadala jokatu gabe, denboraldiaurretik, eta gainera bi lesio kateatzeko zori txar hori izan nuen. Jokatzea den guztia nire konfiantzari eta errendimenduari gehituko zaie. Iazko denboraldian oso garrantzitsua izan zen niretzat esperientzia hori bizitzea".

LaLigan hasiera ona egin eta Kopako hitzordu hau jokatu ondoren, Munduko Txapelketarako geldialdia dator. Taldeak atseden hartuko du denboraldiko bigarren zatiari aurre egin baino egun batzuk lehenago. Agirrezabalak arraroa egingo zaiela onartu du, baina alde positiboa ateratzen saiatu da: "Gauzak ondo egiten ari gara. Etxetik kanpoko azken partidak apur bat kostatu zaizkigu, baina etxean gauzak oso ondo egiten ari gara. Aurreko egunean Valladoliden aurkako partida oso ona izan zen eta sentsazio onekin goaz geldialdira. Ez da ohiko egoera, baina saiatuko gara pixka bat deskonektatzen, pilak kargatzen eta denboraldiaren bigarren zatiari ahalik eta ondoen aurre egiten".