2023a egutegi zorrotz batekin hasiko da

2023a egutegi zorrotz batekin hasiko da

Lehoiek urtarrilean sailkapenaren behealdeko bi aurkari eta goialdeko bi izango dituzte aurkari, Kopako final-zortzirenei aurre egiteaz gain

Liga F-ko etenaldiaren ondoren, emakumezkoen lehen taldearentzako egutegi zorrotzarekin iritsiko da urtarrila. Iraia Iturregik zuzentzen duen taldea entrenamenduetara itzuliko da ostegun honetan, urtarrilaren 8an, igandean, etxean jokatuko den urte berriko lehen partida prestatzen hasteko. 12:00etatik aurrera Athletic Clubek Levante Las Planas hartuko du Lezaman. Bartzelonarrak, 12 punturekin, hamahirugarren postuan daude, zurigorriak baino bi puntu beherago, eta badirudi bost porroteko zama atzean utzi dutela azken bi jardunaldietako garaipenarekin eta berdinketarekin. Talde katalana aurreko denboraldian itzuli zen Lehen Mailara, zortzi denboraldiren ostean.

2023a irekitzeko lehen lehiaren ondoren, zuri-gorriek Erreginaren Kopako final-zortzirenei aurre egin beharko diete. Aurkaria Madrid CFF izango da, duela bi aste Lezaman 0 eta 2 irabazi zuen taldea. Maria Pryren taldeak sendo jarraitzen du sailkapeneko goiko aldean (bosgarren postuan 25 punturekin) eta aurkari zaila izango da, are gehiago bere zelaian, Fuenlabradako Fernando Torres futbol zelaia, hain zuzen. Kanporaketa partida bakarrera izango da eta urtarrilaren 12an, osteguna, jokatuko da 20:00etan. Talde irabazlea final-laurdenetara pasako da.

Lehen itzuliko amaiera

Atseden hartzeko tarte txikiarekin, Athleticek denboraldiko irteerarik urrunenetakoa egingo du. Historian lehen aldiz Alhamaren aurka jokatuko dute. Murtziako taldeak historia egin zuen iaz Reto Iberdrolako Hego multzotik igo zenean eta maila gorenean lehen urtean jarraitzea du amets. Azken sailkatua da 6 punturekin eta bere debutean maila jauzia ordaintzen ari da. Hala ere, Guadalentin, belar artifizialekoa, zelai konplexua da aurkari guztientzat. Partida urtarrilaren 15ean jokatuko da, 12:00etan.

Igo berri diren bi taldeen aurkako bi norgehiagokekin osatuko da egutegiaren lehen itzulia. Hala ere, urtarrileko Aldapa handituko da hilabete amaieran, Athletic Clubek sailkapeneko goiko postuetan borrokan ari diren bi talderen aurka neurtuko baititu indarrak. Asteartean, hilak 24, Levante UD hartuko du Lezaman 19:00etan eta aste horretan bertan Valdebebasen jokatuko du Real Madriden aurka. Talde zuriaren aurkako norgehiagoka urtarrilaren 28an, larunbata, jokatuko da 18:15ean.