Dulwich Hamlet FCrekin batera Non-League Day-en

Dulwich Hamlet FCrekin batera Non-League Day-en

Athletic Clubek bere aurkari historiko karismatikoenetako baten eskutik egin du bat oinarrizko futbolaren aldeko ekimen honekin, talde ingeles ez-profesionalen omenez

Futbolak bere 160 urteko historian zehar banatu duen zorion guztia Dulwich Hamlet bezalako klubei zor die. Talde aitzindari ingelesek XIX. mendearen amaieratik etengabe hazi den hazia landatu zuten, futbola mundu mailako industria bihurtu arte. Hala adierazi zuen Jock Stein Celticeko entrenatzaile mitikoak: "Zalerik gabeko futbola ez da ezer”.

Azken finean, zaletasunek Dulwich Hamlet bezalako taldeekiko sentitzen zuten grinak ahalbidetu zuen futbolaren hazkundea eta ondorengo profesionalizazioa. Funtsean, futbolzaleek XXI. mendean sentitzen duten pasio bera, futbol modernoaren negozioa elikatzen duena.

Athletic Cluben 125 urteko historia oso lotuta dago jatorrian futbol ingelesarekin. Izan ere, marinel eta langile britainiarrak izan ziren baloi bati ostikadak eman zizkioten lehenak Bilbon, Ingelesen Zelaian, gaur egun Guggenheim Museoa altxatzen den kai berean. Baina, marinel, langile eta futbolariekin batera, Lamiakon eta Jolasetan Athleticen aurka jokatu zuten klub ingelesek modu erabakigarrian lagundu zuten zale zuri-gorrien identifikazioa sendotzen. Hazia ereinda zegoen, eta grina hori belaunaldien artean hazi eta transmititu zen, Athletic gaur egun dena bihurtu arte: munduko futbolaren elitean klub paregabea.

Futbol-klub ingeles ospetsu horietako asko desagertu egin dira edo profesionalak ez diren Ingalaterrako ligak lehiatzen dituzte. Baina irauten dutenek, zatiketa amateurretan ere, futbolaren esentzia modu harrigarrian mantentzen dute. Komunitate-giroa, partidu-egunetan beren zelaietan bizi duten pertenentzia-zentzua hain da benetakoa, ezen Non-League Day gizarte-ekimenak eskaintzen dien aintzatespena merezi baitute.

Dulwich Hamlet eta Athletic Cluben arteko konexioak
Athletic Clubek Londres hegoaldeko talde hau martxoaren 25eko Non-League Day ekitaldian parte hartzeko aukeratu izana ez da kasualitatea. Bi klubak lotzen dituzten lotura historikoak gaur egungo kategoria-aldeak adierazten duena baino ugariagoak dira. Gainera, Athletic Clubek oso begiko ditu Hamletek transmititzen dituen gizarte-balioak, euskarak “auzolana” hitzarekin hain ondo jasotzen duen kolektibitate-espiritua.

Athleticek bere historiaren hasieran aurre egin zien klub ingeles ospetsu eta interesgarri horietatik guztietatik, agian inork ez du Dulwich Hamlet FC shakespaniarra baino beste garai hobe bateko futbola aldarrikatuko. Klub honetako zaleek idazle ingeles ospetsuari omenaldia egiten diote kantu honekin: “Here comes the Dulwich… The pink 'n' blue Dulwich… Smoking a cigar… Reading Shakespeare… Hamlet!!!”. 

Hain klub historiko duina, 1893an sortu zena, eta hain txikia, gaur egun National League South-en (Ingalaterrako seigarren mailan) ibiltzen dena.

Bere kamiseta arrosa eta urdin ospetsuak biziraupenaren aldeko borroka ere irudikatzen du, higiezinen interesengatik beren zelaitik atera baitzituzten. Hala ere, bere zaleen presioari esker, eta Rio Ferdinand eta Peter Crouch bezalako futboleko pertsona ospetsuen kausari emandako babesari esker, bere etxe legitimora itzuli zen 2018ko abenduan, Champion Hillera (East Dulwich, Greater London).

Londreseko Non-League Dayra Athletic Cluben eta B The Travel Branden eskutik

Dulwich Hamletek beste klub historiko baten aurka jokatuko du, Oxford Cityren aurka, martxoaren 25ean. Partida 15: 00etan jokatuko da Champion Hill estadioan (East Dulwich, Greater London) eta Athletic Clubeko bazkideek doan joan ahal izango dute. Interesatuek sarrera eska dezakete (agortu arte) [email protected]  helbidera idatziz.

Gainera, Athletic Clubek, B The Travel Brand bidaia-agentzia ofizialarekin elkarlanean, martxoaren 24tik 26rako asteburu horretarako bidaia-pack bat kontratatzeko aukera eskaintzen du, hegaldiak, Londreseko bi gaueko egonaldia eta partidarako sarrera barne. Benetako futbol giroaz gozatzeko aukera paregabea astebururo Dulwichen 3.000 zale batzen dituen zelai batean, garagardo pintak barne, futbol izeneko kirol zoragarri hau jaiotzen ikusi zuen herrialdean. 

Informazioa eta erreserbak

Dick Jonas, San Mames inauguratu zuen Dulwich Hamlet taldeko mitoa

Dulwich Hamleten historia bikaineko funtsezko lau pertsonaia hauek dira: Lorraine Pa 'Wilson, klubaren sortzailea, Edgar Kail, hamalau denboraldi Hamleten, Bert Coleman nazioarteko atezaina eta Richard H. Jonas. Azken hau, Dick Jonas bezala ezaguna, Dulwich Hamleteko kapitainetako bat izan zen 1920tik 1926ra arte. Jokalari izan zen azken bi urteetan, gainera, klubeko agintari nagusietako bat bihurtu zen, kargu honi 1939ra arte eutsi ziona, Dulwich Hamleteko garairik arrakastatsuena.

Jakina, hiru futbolariak, Coleman, Kail eta Dick Jonas, 1921eko martxoan San Mamesen Athletic Cluben aurka bi aldiz jokatu zuen hamaikakoan egon ziren. Ingelesek bi garaipen lortu zituzten, 2-3 eta 3-4.

Baina hura ez zen izan Jonasek San Mameseko belarra zapaldu zuen lehen aldia. Dick Jonasek 1913ko abuztuaren 21, 22 eta 23an Katedrala inauguratzeko erabili zen triangeluarra jokatu zuelako. Izan ere, bere orduko taldea, Shepherd 's Bush, txapelketan gailendu zen, bere bi partidetan Irungo Real Racing Club eta Athletic Club mendean hartuta.

Azken finean, lotura historiko, sozial eta emozional garrantzitsuak, Dulwich Hamlet FC taldea Athletic Clubek martxoaren 25eko Non-League Day-rekin bat egiteko anfitrioi ezin hobea bihurtzen dutenak.