40 urte bete ditu Athletic Cluben ereserkiak

40 urte bete ditu Athletic Cluben ereserkiak

Kopako partida batean estreinatu zen 1983ko martxoaren 30ean, FC Barcelonaren aurka

Urtebetetze eguna da Athletic Cluben ereserki ofizialarentzat. Gaur, martxoaren 30, lau hamarkada bete dira San Mamesen lehen aldiz entzun zenetik, Athletic Clubek eta FC Bartzelonak jokatu zuten Kopako final-laurdenetako joaneko partidan. Egun horretatik aurrera, Katedralak beti modu berean agurtzen ditu bere lehoiak: zutik, bufanda goian eta... Athleeeeeeetic!

Oihu mitiko horrek, Felix Ugarriza zendu berriarenak, bikain definitzen du talde zuri-gorria: kemena, indarra eta jarraikitasuna. 

Gaur, ereserkiaren 40. urtebetetzea aprobetxatuz, Athletic Cluben webgune ofizialak gure erakundearen ikur ezagunenetako bati eskainitako atala estreinatu du. Bertan audio-artxiboa, jatorrizko letra, gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak eta konposizioaren historia azaltzen dira.

Aurreko ereserki herrikoiak

Gaur egungo ereserki ofizialaren aurretik, San Mameseko partidak girotzen zituzten bi abesti herrikoi izan ziren. 1913an sortu zen eta 1950eko hamarkadan Timoteo de Urrengoechearen (musika) eta Goyo Nadalen (letra) beste abesti bat ezagun egin zen, Los Cinco Bilbainos taldeak interpretatua (“Tiene Bilbao un gran tesoro…”).

1982an, Carmelo Bernaola musikari otxandiarrak ereserki ofiziala sortzeko enkargua jaso zuen, eta, konposatzerakoan, Klubaren tradizioari eta musika-ondareari erreparatu zion. Hori dela eta, lehendik zeuden abesti zaharrak konpontzea eta konbinatzea erabaki zuen: Aquino eta Retanako 'Aliron' eta Feliciano Beobide tolosarraren Altza Gaztiak kalejira, Jose de Olaizola hernaniarraren 'Aupa Mutilak' delakoan oinarritua. Hitzak Antton Zubikarai ondarrutarrak idatzi zituen, bizkaieraz. Fusio horretatik atera zen gaur egun Athletic Clubeko edozein zaleri oilo-ipurdia jartzen dion ereserkia.

Estreinaldia, garaipenarekin

Ereserkiaren inaugurazioak agertoki bikaina izan zuen, Athletic Cluben lehiaketa gogokoenean eta Katedrala lepo beteta. 1982-83 denboraldian izan en, zuri-gorriek Maradonaren FC Bartzelonaren aurka jokatu zuten final-laurdenetan. Partidaren hasiera, ereserkiaren lehen agerraldiarekin batera, ikusgarria izan zen. Amaiera bezala. Athleticek 1-0 irabazi zuen Danik sartutako penalti bati esker. Hala ere, Camp Noun, Carrascoren, Alonsoren eta Maradonaren golek finalerdietarako txartela Bartzelonari eman zioten. 

Errebantxa eta benetako omenaldia urtebete geroago iritsi ziren, Athleticek Madrilen (1-0) talde kataluniarrari finalean irabazi eta Kopako 24. garaikurra altxatu zuenean. Hori gutxi balitz, egun batzuk lehenago zortzigarren Liga irabazia zuen talde zuri-gorriak San Mamesen, Realaren aurka. Athleticen ereserkia Bizkaia osoan entzun zen eta Gabarrak Bilboko itsasadarra zeharkatu ondoren, taldeak, zaleek eta herrialde oso batek Bilboko Udalean batera elkarrekin abestu zuten.