Rocio Ybarra, Aterpe-ko arduradun berria

Rocio Ybarra, Aterpe-ko arduradun berria

“Kirola, Hezkuntza eta Elkarbizitza”-n aditua, Fundazioko teknikari eta Athletic Genuineko entrenatzaileak Iñaki Alonsoren lekukoa jaso du Haurren Babeserako programaren zuzendaritzan

Rocio Ybarra, orain arte Athletic Club Fundazioaren teknikaria eta Genuine taldearen egungo entrenatzaileetako bat, Athletic Cluben Haurrak Babesteko Aterpe programaren arduradun berria da. Rocio Ybarra “Kirola, Hezkuntzan eta Elarbizitza: Haur eta Nerabeen Babesa” aditu tituluduna da, UPV/EHUk Athletic Club Fundazioarekin elkarlanean 2020an abian jarritako graduondokoa. Hain zuzen ere, Rocio Ybarra Iñaki Alonsoren unibertsitateko ikasleetako bat izan zen graduondokoan eta orain, Alonsok lekukoa eman dio Ybarrari, Klubeko Haurrak Babesteko programaren buru gisa.

Rocio Ybarrak Espainiako Belar Hockey selekzioarekin parte hartu zuen 2004, 2008 eta 2016ko Olinpiar Jokoetan. 2019an sartu zen Athletic Cluben, Fundazioaren teknikari gisa, eta ordutik Athletic Genuineko entrenatzaileetako bat izan da, eta Athletic Club Fundazioaren gizarte-proiektuen entrenamendu-saio garrantzitsuak zuzendu ditu, hala nola Ahalegina (desgaitasuna duten adingabeentzat) Zabaloetxe (inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrak) edo Osakidetzako BOMS (osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsonentzat).

Gainera, Rocío Ybarra Animazioko eta Kirol Jarduera Fisikoetako Goi Mailako Teknikaria (TAFAD)eta Mondragon Unibertsitatean Kirol Berrikuntzako Graduondokoa tituluduna da, eta BasqueTeam-eko enbaxadorea izan zen. Fundazio honek euskal kirolarien parte-hartzea errazten du nazioarteko lehiaketarik gorenetan.

Aterpe programa

2019ko apirilean, Athletic Clubek Aterpe proiektua jarri zuen abian, futbolaren munduan aitzindaria den kirolean haurrak eta nerabeak babesteko programa. Iñaki Alonso, Zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Laguntza Humanitarioan nazioarteko aditua, izan zen proiektu honen aitzindaria bere hastapenetan, eta lortu dituen arrakasta ugarien arduradun nagusia izan da. Horien artean, aipatzekoa da UEFAk Grassroots Awards Futbol Oinarriko sarien barruan ematen duen 2021-22 denboraldiko Europako klub profesional onenaren saria.

Athletic Clubek eskerrak eman nahi dizkio Iñaki Alonsori Aterperen egindako lan bikainagatik eta zorterik onena opa dio ekitea erabaki duen proiektu pertsonal berrian.