Bolada eten da Johan Cruyff zelaian

Bolada eten da Johan Cruyff zelaian

Athletic Clubek galdu egin du FC Barcelonaren aurka (3-0) etxekoak nagusi izan diren partida batean

Lehoiek Lezamatik at egindako azken irteeran FC Barcelonari bisita egin zioten. Norgehiagoka atsedenaldira golik gabe iritsi zen, zuri-gorriak ondo antolatuta zeudelarik, baina bigarren zatian kataluniarrek markagailua ireki eta garaipena lortu zuten, 28 daramatzate denboraldi honetan.

Lehen zatia, espero zen bezala, etxekoek kontrolatu zuten, nahiz eta Athletic Clubek sendo eutsi zuen defentsan. Oshoalak eta Patri Guijarrok aukera onak izan zituzten markagailua irekitzeko, eta Grahamek Quiñones luzarazi zuen. Atezain hondarribitarra seguru egon zen eta Aranak bisitarien abagune azpimarragarriena izan zuen Pañosek kornerrera bidalitako ezkerrez egindako jaurtiketa batean. Zalantzarik gabe, albisterik negatiboena Marta Unzueren lesioa izan zen.

Neurketa berrekin ondoren, gidoia ildo beretik zihoan. Landaluzek atepetik ekidin zuen Grahamen gol bat 55. minutuan eta Giraldezen neskek aurkariaren zelaian jarraitzen zuten etengabe. Engenek baloia buruz ukitu eta gora joan zen gutxigatik. Area zuri-gorrian gehiegi zebiltzaten Graham Hansenek lehen gola egin zuen arte 61. minutuan. Landaluzek beste bat eragotzi zuen, baina hurrengo jokaldian, korner batean, Paredesek 2-0ekoa erdietsi zuen, 67. minutuan.

Patri Guijarrok langaren kontra jo zuen bere saiakera indartsua. Blaugranak errenta handitzen saiatzen ari ziren. Azken jokaldian lortu zuten Salma Paralluelori esker. Sei jardunaldi galdu gabe egon ostean bilbotarren bolada ona amaitu zen. Hala ere, sentsazioak onak dira datorren larunbatean (12:00etan) Lezaman Villarreal CF-ren aurka jokatuko duten Ligako azken partidari aurre egiteko.