50 eta 75 urtetako leialtasun zurigorriarekiko aitortza

50 eta 75 urtetako leialtasun zurigorriarekiko aitortza

818 bazkidek mende erdiko antzinakotasuna pilatu dute eta beste bederatzik eztei dirdiratsuak ospatuko dituzte

Maiatzaren 18 eta 19an, 17:30etatik aurrera, Athletic Clubek urre eta zilarrezko intsigniak emango dizkie bazkide gisa 50 eta 75 urte betetzen dituzten pertsonei San Mamesen egitekoak diren ekitaldietan. Horrekin batera, larunbatean, hilak 20, Celtaren aurkako LaLigako partida hasi aurretik, bazkide hauen ordezkaritza batek, 50 lagunek osatutakoa, San Mameseko soropiletik zalegoaren berotasuna jasotzeko aukera izango du.

Hitzordu zinez berezia izango da, 818 bazkidek Klubarekiko mende erdiko atxikimendua ospatzen dutelako eta beste bederatzik dagoneko 75 urtetako konpromiso hautsezina pilatu dutelako. Ondorioz, aitortza ekimenetan, Athletic Clubeko presidente Jon Uriarte, aurreneko presidenteorde Nerea Ortiz, bigarren presidenteorde Jon Ruigomez eta zuzendaritza batzordeko beste hainbat kide egongo dira. Eurekin batera, Jose Angel Iribar edo Manolo Delgado Meco ere bertan izango dira.

1972ko urtarrilaren 1a eta urte bereko abenduaren 31era bitarte bazkide egin ziren pertsonei intsigniak emango zaizkie. Klubarentzat  giltzarri izan zen urtean batu ziren, San Mames zaharreko Ekialde Harmaila martxan jarri zeneko garaian hain zuzen ere. Athleticentzat apustu handia izan zen, banketxeei mailegua eskatzerainokoa, azpiegituraren kostuak 30 milioi pezetatik gorakoak izan zirelako. Egungo kopuruetan hitz eginez gero, 180000 euro baino gehiago. 

Horrenbestez, San Mamesek 3500 eserleku berri irabazi zituen, 105 metrotako luzera, 28 metrotako garaiera eta 30 metrotako sakoneradun azpiegituraren bitartez. Horrekin batera, bi tribuna nagusietako teilatu-hegaletan kokatuko fokuei esker, aurrerantzean, telebistek Katedralean jokatutako futbol partidak zuzenean eskaintzeko aukera izango zuten. Dagoeneko kasik etxebizitza guztietan aurkitu zitezkeen aparailuak. 

1972ko martxoaren 6an, Athleticek eta Real Madrilen arteko norgehiagoka batekin, Ekitalde Harmailak ateak ireki zituen. Arratsalde biribila izan zen, Fidel Uriartek sartutako gola medio, lehoiek garaipena lortu zutelako. Salvador Artigas katalanak zuzendutako taldeak honako hamaikakoa plazaratu zuen: Iribar, Saez, Astrain, Aranguren, Betzuen, Larrauri, Villar, Anton Arieta, Txetxu Rojo, Carlos eta Uriarte. Bigarren zatian, Guisasola eta ‘Pekele’ Rojo zelairatu ziren. Parean, Miguel Muñoz mitikoak gidatutako talde zurian, gazte eta beteranoen arteko nahasketa, Garcia Remon, Benito, Pirri, Amancio, Grosso, Zoco, Velazquez edo Santillana bezalako futbolariak.

Neurketa hasi aurretik, Rafael Moreno Aranzadi ‘Pichichi’-ren heriotzatik 50 urte betetzen zirelako, bi taldeetako kapitainek, Iñaki Saezek eta Ignacio Zoco nafarrak, Athletic Clubeko aurrelari izandako bustoan lore eskaintza egin zuten. Klubari Laguntzeko Egun gisa moduan ezarritako partidan, 45000 ikuslek San Mameseko harmailak bete zituzten, inoizko asistentzia handienarekin eta altxortegirako kasik 9 milioi pezeta eskuratuz. 13 egun beranduago, TVEk Athletic Clubek eta Futbol Club Bartzelonak San Mamesen jokatutako norgehiagoka zuzenean eman zuen. Garai berrien erakusle.

Ekialde Harmailaren eraikuntzaren ondoren, Athletic Clubek hainbat bazkide berri gehitzeko beta izan zuen. Euretako askok, bost hamarkada beranduago, kolore zurigorriekiko erakutsi duten fideltasuna saritzeko aitortza jasoko dute egunotan. Klubarekiko engaiamendua, diktaduraren azken urteetan egin zuten, arlo soziala zein kulturala irakiten ari zen garai korapilatsuan. Eta horrek, noski, kirol eremuan ere eragina izan zuen.

1970ko hamarkadaren etorrerarekin, Athleticek Lezamako lurzoruak erosi zituen bertan bere futbol eskola abiarazteko, aldizkari ofiziala sortu, partidetako eskuko programak editatzen hasi eta Bilboko udalarekin batera “Bilbo Hiria” trofeoa martxan jarri zuen, urtero goi mailako nazioarteko taldeak erakarriz. 1973an, Klubaren 75. Urteurrenean, bere jatorrizko izen ofiziala berreskuratzea lortu zuen, Francoren erregimenak jarritako debekua gaindituz. 

Urte berean, lehoiek Kopako finala irabazi zuten Castellon-i bi eta zero irabazi ostean, Ekialde Harmailako bazkide berriei euren lehen poztasun handia eskainiz. Handik gutxira, LaLigak berriro ere jokalari atzerritarrak fitxatzeko baimena eman zuen. Aldi berean, jatorri faltsua zuten futbolarien eskandaluak eztanda egin zuen eta Athleticek “Itzulera operazioa” bezala ezaguna izan zen prozesua abiarazi zuen. Beste hainbat taldeetan nabarmentzen ari ziren euskal jokalariak erakarriz, Churruca, Irureta, Lasa edo Tirapu besteak beste. 

Ondoren, beste hainbat mugarrien artean, 1977ko finalak, ikurrinaren altxatze ofiziala, Beti Duñabeitiak agindutako demokratizazio prozesua “bazkide bat, boto bat” promesarekin, Iribarri omenaldia, 1982ko munduko txapelketarako berritze lanak, 1980ko hamarkadako tituluak eta gabarraren ikuskizuna, atzerritik etorritako teknikarien ondarea, Europako gau ahaztezinak, Klubaren mendeurrena, milurteko aldaketa, berrikuntza teknologikoak, emakumezkoen taldearen sorrera, Ernesto Valverde lehen taldeko aulkira ailegatzea, 2007ko une latzak, Sevillaren aurkako Kopako finalerdia, 2011-2012 denboraldi magikoa, San Mames zaharraren agurra, berriaren irekiera, Napoliren kontrako kanporaketa, 2015eko Superkopa, emakumezkoen taldeak 2016an lortutako Liga, Iraolak, Muniainek edo Susaetak jokatutako 500 partidak, izurriak eragindako samina edo 2021ko Superkopa. 

Guztira, 827 pertsona omenduko ditu Athletic Clubek, 50 eta 75 urte hauetan. Denbora tarte luze horietan, une gozoak lehen pertsonan bizi ahal izan dituzte eta gauzak kontra etortzean euren ekarpena egiten jakin izan dute baita.  

Bost hamarkadetako leialtasun zintzoa; Familian zein eremu sozialean egindako transmisioaren bitartez, ondare zurigorria elikatuz. Zorionak eta eskerrik asko.