Gipuzkoa Zurigorrik Balenziaga omendu du

Gipuzkoa Zurigorrik Balenziaga omendu du

Herrialdeko hainbat peñek Tolosan antolatutako ekitaldian, Zumarragako jokalariak zaletuen berotasuna jaso zuen Kluba ekainaren 30ean utzi aurretik

Giro alaian ospatutako ekimenean, Tolosaldeko Lehoiak, Arrasateko Peña Imanol, Goierriko Lehoiak, Debako Peña Athletic, Eibarko Txinbera, Irungo Katedrala, Oiartzungo Antton Ezponda, Segurako Zorroztarri eta Zarauzko Athletic Zaleak peñek urtero egiten duten “Gipuzkoa zurigorri” jaialdia burutu zuten Tolosan. Aurtengoan, gainera, gonbidatu oso berezi baten parte hartzearekin. Izan ere, Mikel Balenziagak gorazarrea jaso zuen, urte guzti hauetan zelai barruan zein kanpoan erakutsitako maila eta konpromisoagatik.

Hamarnaka lagunen aurrean, Zumarragako hegalekoak opari ezberdinak jaso zituen. Euren artean, propio eskainitako mezu berezi batekin atondutako txapela edo beren-beregi prestatutako karikatura bat. Anjel Mari Peñagarikanok, bestalde, Athletic Clubeko jokalariaren omenezko bertsoak kantatu zituen. Hunkituta, Balenziagak, esker hitzak izan zituen bertan bildutakoentzat eta “aurrerantzean, zuek bezala, Athleticzale gipuzkoar bat gehiago izango naiz". 

Aipatzea, omenaldira gerturatu ziren pertsonen artean, Gipuzkoa osotik etorritako hainbat jarraitzailerekin batera, Athletic Clubeko jokalari, kapitain eta presidente izandako Josu Urrutia eta, Klubeko futbolari eta gizonezkoen lehen taldeko delegatu ohi, Andoni Imaz ere Tolosan egon ziren.