Lehoiak, Euskal Non-League Dayarekin

Lehoiak, Euskal Non-League Dayarekin

Lehen taldeak oinarri-futbolaren aldeko ekimenari babesa emango diote, irailaren 9ko eta 10eko NLD partidetan zozketatuko diren elastiko zuri-gorriak erakutsiz

RCD Mallorca – Athletic Club partidaren atarian, lehoiek 18 elastiko zuri-gorri jantziko dituzte Euskal Non-League Day txapelketari babesa emateko. Lehen edizioa irailaren 9eta 10ean egingo da. Kamisetek, lantaldeko kide guztiek sinatuta, datorren asteburuan etxeko futbol zelaietan arituko diren NLD kluben izenak izango dituzte: ARENAS, AURRERA, BASCONIA, DEUSTO, LEIOA, CULTURAL, ERANDIOKO BETIKO NESKAK, LAKUA, LEIOAKO EMAKUMEAK, MULIER, AMURRIO, ANTIGUOKO, AVIRON, ERANDIO, GORDEXOLA, INDAUTXU, SANTURTZI, SOMORROSTRO eta ZALLA. Athletic Club – Cadiz CF ikusteko VIP sarrera bikoitzak, emakumezkoen lehen taldekoekin batera zozketatuko dira kamiseta hauek NLD izeneko partidetako atsedenaldietan, tokiko ikusleen bertaratzea sustatzeko.

Non-League Day gizarte-mugimendu britainiarra 2010ean jaio zen, Premier Leagueko lehiaketarik gabeko egun bat futbol ez-profesionalari laguntzeko aprobetxatzeko asmoz. Hain zuzen ere, James Doe bultzatzaile nagusiak Euskal Non-League Day jaialdian parte hartuko du, Athletic Clubek Dulwich Hamlet – Oxford City partida britainiarrean izandako presentzia nola edo hala itzultzeko. Athletic Club, ekimen komunitario honek sustatzen dituen balioak bere nortasunarekin zuzenean konektatzen direla jakinda, lehiaketarik gabeko asteburu bat oinarri-futbolaren garrantzia nabarmentzen eta tokiko zelaietara joatea sustatzen duen LaLigako lehen taldea da.

Hitzartutako kluben aintzatespena

Euskal Non-League Day mugimenduak Athletic Cluben 125. urteurrenarekin bat eginez bere lehen edizioa ospatuko du, eta hitzartutako klubei esker ona adierazteko balio izango du historia zuri-gorrian izan duten paper garrantzitsuagatik. Garrantzi hori Athletic Clubeko webguneak aste honetan zehar argitaratuko dituen lehen hemezortzi NLD taldeen erreportajeetan islatuko da. Athletic Cluben DNA katea osatzen duten Bizkaiko 148 taldeek, Arabako 11k, Nafarroako 8k, Gipuzkoako 2k eta Iparraldeko Aviron Bayonnais FCk ordezkaritza txikia baina esanguratsua izango dute.

NLD erreportaje bakoitzarekin batera, jokalarien* kreatibitatea egongo da; izan ere, agertuko diren jokalariek hitzartutako klubean jokatzeaz gain, gure lehen taldeen elastiko zuri-gorria jantzi dute, Athleticen eta hitzartutako kluben arteko lotura identitarioa agerian utziz. Athletic Clubeko harrobia Lezamatik haratago doala erakusten duten ontzi komunikatuak dira, Made in Euskal Herria kontzeptuarekin bat eginez. Azken finean, lurraldetasunaren printzipioa Athletic Cluben nortasunaren parte da hasiera-hasieratik.

* Nahiz eta dokumentazio-lana zehatza izan den eta informazioa hitzartutako klubekin eta hainbat adituk egiaztatu duten, litekeena da aipatutako kreatibitateetan futbolarien izenak falta izatea. Horregatik, Athletic Clubek barkamena eskatu nahi du aldez aurretik