Euskal Non-League Day: Aviron – Dunboa Eguzki

Euskal Non-League Day: Aviron – Dunboa Eguzki

Baionako Didier Deschamps estadioak Lapurdi eta Gipuzkoaren bi talde hitzartu hauen arteko partida hartuko du

1922an Aviron Bayonnais kirol egituraren barruan sortua, talde lapurtarra Frantziako futbol federazioan (FFF) afiliatu zen 1935ean. II. Mundu Gerraren ostean, Entente Sportive Bayonnaise sortu zen eta 1952ra arte ez zen itzuli futbola. Harrezkero, Euskal Herriko iparraldeko futbol erreferentzia nagusietako bat da, eta gaur egun Athleticekin hitzartutako kluba.

Aviron Bayonnaisek hurrengo partida hau programatu du Euskal Non-League Day partidarako: hilaren 9an, larunbata, D. Deschamps estadioan, arratsaldeko 15:30ean Dunboa Eguzki taldearen aurka jokatuko du, hau ere Athletic Clubeko talde hitzartua, kasu honetan Gipuzkoakoa.

Euskal Non-League Day-n antolatuko diren gainerako partidetan bezala, partidaren atsedenaldian Athleticeko lehen taldeen elastikoen zozketa egingo da, baita datorren asteburuan San Mamesen Cadizen aurka lehoiek jokatuko duten partidarako bi VIP sarrerena ere. Zozketa hori hitzartutako klubetako Zuzendaritza-batzordeek kudeatuko dute (Athletic Clubek laguntzen du sariak emanez). Helburua partekatua da eta Non-League Day mugimenduaren espirituari erantzuten dio: oinarri-futbolari balioa ematea eta tokiko zelaietara joatea sustatzea.

Aviron da ziurrenik Ipar Euskal Herrian izen handiena duen taldea. Lapurdiko taldearen historiako arorik gorenetako bat 70eko hamarkadaren hasieran gertatu zen, Sud-Ouest titulua irabazi eta Frantziako Kopan hainbat kanporaketa gainditu zituen futbolari trebeen belaunaldi bat bilduz. Talde horren barruan Jean-Claude Larrieu atezaina zegoen, 1976an Montrealgo Joko Olinpikoak jokatuko zituena, Battiston, Platini, Raymond Camus (Girondins edo Toulousen jokatuko zuena) eta Felix Lacuesta (Saint-Etienne, Bastia, Girondins, Olympique Lyonnais edo AS Monaco Europako klub ospetsuetan ibilbidea egin zuen futbolaria) zeuden selekzioan. Bere izena, Christian Sarramagna lapurtarrarena bezala, garai horretan Athletic Cluben “itzulera operazioa” izenekoarekin lotu zen.

Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, 1985eko abuztuaren 14an, talde zuri-gorriak Lapurdiko hiriburua bisitatu zuen, Seaskak Brasilgo Botafogoren aurka antolatutako txapelketa jokatzeko. Lehoiek, Txetxu Gallego eta Isma Urtubiren golei esker, Iribarrek eta Kortabarriak emandako garaikurra irabazi zuten. Brasilgo taldean, Alemao, Baltazar edo Josimar izarrak zeuden. Handik aste gutxira, Didier Deschamps izeneko gazte bat, Avironen egituran trebatua, Nanteseko lehen taldean hasi zen 16 urte besterik ez zituela. Ia lau hamarkada geroago, eta jokalari eta entrenatzaile lanetan dena irabazi ondoren, Baionako estadioak bere izena darama. Bixente Lizarazu zuri-gorri ohiarekin batera, Ipar Euskal Herriak eman duen futbol jokalaririk garrantzitsuena da Deschamps.

Aymeric Laporte

2003-2004 denboraldian, lapurtarrek ezustekoa eman zuten Kopan Guingamp eta Girondins kanporatuz, Parisen PSGren aurka galdu aurretik. Hiru urte geroago, Benzema, Juninho Pernambucano edo Wiltord jokalariez osatutako Olympique Lyonnais ahalguztidunak Aviron bere ametsetik jaitsi zuen brasildarraren gol bati esker. Mende aldaketak, gainera, Athletic Cluben eta Lapurdiko erakundearen arteko harremanak estutzea ahalbidetu zuen. Horren erakusgarri izan ziren 2008ko maiatzaren 14an Baionan jokatutako lagunartekoa (bana berdindu zen), Ibon Enziondo lehoikumeak lapurtarrei utzitako jokalaria edo Aymeric Laporte oso gazte batek Avironen jokatu izana. Atzelari trebeak zuri-gorrien egituran sendotzea lortu zuen, baina ez zen Lezamara probak egitera Ipar Euskal Herriko futboletik etorritako futbolari bakarra izan, baita Alexis Carvalho, Julien Gutierrez, Kevin Ladeveze, Lucas Claverie, Maecky Lubrano, Nicolas Caubard edo Olivier Caboche ere etorri ziren. 

Halaber, Athletic Clubek Aviron taldetik etorritako futbolariak probatu eta erabili ditu txapelketa ezberdinetan. Hori guztia, urteen poderioz sendotuz joan den harremanaren esparruan, zeinak bere fruituak ematen jarraitzen duen, bai gizartean, bai kirolean. Horren adibide garbia da Yann Cisse jokalaria Athletic Clubeko prestakuntza-egituran sartu berri dela, Lapurdiko taldetik etorrita. Hori guztia, 2019 eta 2022 urteen artean Sophie Istillart baionarra lehen talde zuri-gorrian egon zela ahaztu gabe.