Euskal Non-League Day: Santurtzi – Getxo

Euskal Non-League Day: Santurtzi – Getxo

1952an sortua, CD Santurtzi KE taldeak Getxo historikoaren aurka jokatuko du larunbatean, 17:30etan, San Jorge zelaian

Euskal Non-League Day ekimenaren lehen edizioak Bizkaiko futboleko harrobiko bi talde klasikoren arteko norgehiagoka eskainiko du. Santurtzi Kirol Elkarteak eta Getxok elkarren aurka jokatuko dute San Jorgen, hilaren 9an, larunbata, 17:30etan, oinarri-futbolaren alde antolatutako lagunarteko neurketa batean.

1952an sortua, Santurtzi Bizkaiko futbolaren harrobiko talde klasikoa da, Eskolatik hasi eta senior talderaino futbolarien prestakuntzan murgildua, benjamin, kimu, haur, kadete eta gazte mailetatik igaroz. Santurtziren proiektuaren oinarri nagusia harrobia da. Beste asko bezala, Bizkaiko klub bat da ilusioz eta ahaleginez lan egiten duena behetik, egunez egun, urtez urte, azken helburua gaztetxoak lehen talde morean finkatzea edo, zergatik ez, Athletic Clubera jauzi handia ematea izanik.

Hirugarren Mailaren eta Eskualdekoaren artean (Ohorezko Maila) bere historiaren urte gehienetan aritu izan da. 1988-89 denboraldian Hirugarren Mailako txapeldun izan zen, eta hortaz, Bigarren B Mailara bere igoera bakarra lortu zuen. Maila horretan lau denboralditan egon zen.

Urratarretik Nerea Nevadora

Santurtzik bere herrian historian zehar egin duen harrobi lan hori pertsonifikatzen duten bi jokalari badaude, Isidoro eta Jose Manuel Urra aita-semeak dira. Biak klub moretik pasa ziren Athleticen elastiko zuri-gorria jantzi aurretik. Isidoro Urrak 124 partida jokatu zituen lehoi bezala 1935 eta 1946 artean, LaLigako bi txapelketa (1935-36 eta 1942-43), hiru Kopa jarraian (1942 eta 1945 artean) eta bi Eskualde Txapelketa (1938-39 eta 1939-40) lortuz. Oso futbolari gutxiren eskura dagoen palmares bikaina da. 1966an, erretiroa hartu eta 20 urtera, bere seme Jose Manuelek debuta egin zuen Athletic Clubekin Santurtziko beheko mailetatik igaro ondoren.

Bi klubetan aritu diren beste jokalari batzuk, morez eta zuri-gorriz, Francisco Javier Luke, Crescencio Cuellar, Gontzal Rodriguez eta Unai Exposito dira.

Aipamen berezia merezi du Nerea Nevadok, 17 urtez azpiko munduko txapeldunak; izan ere, klub moreko beheko mailetatik Bizkerre FTko Kadetera pasatu zen, Athletic Clubera heldu aurretik. Nerea Nevadok Santurtzin jokatu zuen 2008 eta 2015 artean, kapitaina eta talde misto bateko jokalari bakarra izanik. Bitxia bada ere, beste zuri-gorri bat, aipatutako Unai Exposito, bere entrenatzaileetako bat izan zen.

CD Santurtzi KE taldeak Athletic Clubek emandako sarien zozketatik lortutako diru-sarreren zati bat (bi kamiseta eta Athletic-Cadiz partidarako VIP sarrera bikoitza) Ama, Txo! elkartera bideratzea pentsatu du, hau da, desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasunaren, lanerako eskubidearen eta osasunerako eskubidearen alde borrokatzen duen elkartera.