Athletic Club, haurren babesean erreferentea Europan

Athletic Club, haurren babesean erreferentea Europan

Rocio Ybarra, Aterpe Programaren arduraduna, ECAk eta UEFAk adingabeek kirolean dituzten eskubideei buruz antolatutako mintegiko hizlarietako bat da

ECAk (European Club Association – Europako Kluben Elkartea), UEFArekin lankidetzan, Haurrak eta Nerabeak Kirolean Babesteari buruzko mintegia antolatu du ostiral honetan. Athletic Clubek protagonismoa hartu du ekitaldian; izan ere, Rocio Ybarra Aterpeko (Athletic Clubeko adingabeak babesteko programa) arduraduna izan da Europako kluben ordezkari gisa parte hartu duten bi hizlarietako bat (beste hizlaria, Annalisa Novembre, FC Internazionale Milanoren izenean ariko da).

Rocio Ybarrak Athletic Clubek arlo honetan izan duen esperientzia aitzindariaz hitz egin du, haur eta nerabeei futbola praktikatzeko ingurune segurua eskaintzearen eta bermatzearen garrantzia azpimarratuz. Aipatzekoa da Athletic Clubek, 2019an Aterpe proiektua martxan jarri zuenetik, aintzatespen ugari jaso dituela. Horien artean, UEFAk UEFA Grassroots Awards Oinarri-Futbol sarien barruan ematen duen 2021-22 denboraldiko Europako klub profesional onenaren saria.

Ostiral honetako mintegia ECAko kideei, UEFAko federazio nazionaletako haurrak eta nerabeak babesteko arduradunei, gizarte- eta ingurumen-iraunkortasuneko arduradunei, akademietako zuzendariei eta haurrak futbolean eta kirolean babesteko interesa duen edonori zuzendua izan da.

Aipatutakoez gain, Gaia Pretner ECAko Iraunkortasun zuzendariak, Presilia Mpanu-Mpanu UEFAko Gizarte eta Ingurumen Iraunkortasunean adituak eta Pouya Yaghoubinia ECAko Futbolaren Garapen zuzendariak ere parte hartu dute jardunaldian.