"Athletici amaierara arte lagundu ahal izatea gustatuko litzaidake"

"Athletici amaierara arte lagundu ahal izatea gustatuko litzaidake"

Iñaki Williamsek komunikabideen arreta jaso du Lezaman Ghanarekin Afrikako Kopara abiatu baino egun batzuk lehenago

"Erabaki hori ez dago nire esku. Ahalik eta gehien luzatu nahi nuke hemen, eta hilaren 4an taldeari lagundu, baina oraindik ez dago ezer argi. Bi aldeei laguntzeko ilusioa daukat, Kluba eta Federazioa (Ghanakoa) harremanetan daude eta elkar ulertzen dute", azaldu die Iñaki Williamsek Lezamara hurbildu diren komunikabideei.

Ghanako selekzioarekin urtarrilaren 13tik aurrera jokatuko den Afrikako Koparako deialdi baten atarian, Athletic Clubeko aurrelariaren prentsaurrekoa gai honetan zentratu da: "Dena zor diodan klubari amaierara arte lagundu ahal izatea espero dut. Afrikako Kopa jokatzeko zorion banago, hori ere Athletici esker da. Noski, ilusio handia egiten dit Ghanarekin lehiatzeak. Familia mailako promesa da, eta ilusioz beteriko erronka niretzat. Oraindik egun batzuk itxaron behar dira azken erabakia zein izango den ikusteko".

Bien bitartean, Iñakik ez du zalantzarik izan bere taldekideak goraipatzeko: "Baliteke nire hutsunea nabaritzea, egia baita gauzak bikain ateratzen zaizkidan une gozoan nagoela, gol eta asistentzia piloarekin, baina nire taldekideak prest daude ni ordezkatzeko. Adu eta Alex (Berenguer) gauzak oso ondo egiten ari dira, eta ea Guruzetak itzultzen denerako gol askoz gehiago sartu dituen eta taldeko pitxitxian tartea ateratzen didan. Fede handia dugu berarengan".

Williamsen anai zaharrenak bere Nicoren kontratua 2027ra arte luzatu izana ere baloratu du: "Harro egoteko modukoa da San Mamesen berarekin jokatzen jarraitzea, nire gurasoak zoriontsu eginez. Egia bihurtutako ametsa da, horregatik borrokatu baikara bizitza osoan. Ea beste urte askotan hemen jarraitzen duen. Harrobitik datozen neska-mutilentzat ere mezu bat da, Athleticen alde egin dezatela beti".