"Iazko ezkortasuna burutik kendu dugu"

"Iazko ezkortasuna burutik kendu dugu"

Ernesto Valverdek Sanchez-Pizjuanen 500 partida beteko ditu ligako entrenatzaile gisa, eta bere ibilbidea Jonan Ordorika lagun minari eskaini dio. Harro dago taldearen ibilbideaz, baina "LaLiga iraupeneko lasterketa" dela ohartarazi du

Ernesto Valverdek LaLigako teknikari gisa Sanchez-Pizjuan zelaian 500 partida beteko ditu; horietatik 285 Athletic Clubekin egin ditu, talde zuri-gorriaren errekorra dena. Oso zifra berezia da, abuztuaren 7an, ligaren hasierako astean, hil zen Jonan Ordorika bere lagun handia gogoratzeko balio izan diona; gure artean beti egon dena, bertan dagoena eta egongo dena. Txingurri oso pozik dago taldearen martxarekin, baina ez du atzera begiratzen. "LaLiga iraupeneko lasterketa da", ohartarazi du 35 puntuak eta bosgarren postuak eskaintzen dion dorre altutik. Hori bai, pozik dago bere taldeak "iazko ezkortasuna burutik kendu" duelako eta edozein emaitzari buelta emateko gai dela uste duelako.

Valverdek zuhurtziaz eta harrotasunez hitz egiten du taldearen kirol egoerari buruz Klubarentzat gauzatutako balantze batean. "Errendimendu ona erakutsi dugu beti", nabarmendu du. Real Madriden aurkako lehen kolpearen aurrean laster altxatu zen taldea, eta beste bi partida baino ez ditu galdu, FC Barcelona eta Realaren aurka, biak etxetik kanpo. "Denboraldi hasieran etxeko norgehiagokak errebantxa gisa planteatu genituen. Funtsezkoa zen San Mamesen indartsu izatea", nabarmendu du Celta, Rayo, Atletico eta Las Palmasen aurka erdietsitako azken lau garaipenen ostean.

Zaletuekiko konexioa nabaritzen du, San Mamesek duela asko ez bezala orro egiten diharduelako: "Taldeak gauza asko transmititzen ditu eta publikoak horrela ulertzen du. Ez dugu inoiz neurketa bakar bat galdutzat ematen eta hori Katedralean nabaria da". Gainera, taldeak Lezamaren harrotasunarekin aurrera egin duela dio, 2023an bost lehoikumek debuta egin baitute. "Athleticek beti emango die bidea jokalariei behetik, baina pausoak eurek eman behar dituzte", argudiatu du.

Urtarrilarekin batera, Athleticek bolada ona manten dezan espero du prestatzaile zuri-gorriak. "Ezin dugu atzera begiratu, 35 puntu ditugu baina LaLiga iraupeneko lasterketa da", dio partidaz betetako urtarril baten aurrean, Kopa tartean dela eta Iñaki Williamsen bajaren aurrean aitzakiarik jarri gabe: "Guretzat garrantzitsua da, baina besterik ez. Jokalari guztiengan dugu konfiantza".

Elkarrizketa amaitzeko, Jonan Ordorika musikagile eta soinu teknikaria gogoan nahi izan du, athleticzale amorratua: "Sevillakoa ez ezik, partida hauek guztiak eskaini nahi dizkiot, beti hor egon delako".