Partida aurrekoa: Athletic Club-Deportivo Alaves (Kopa final-zortzirenak)

Partida aurrekoa: Athletic Club-Deportivo Alaves (Kopa final-zortzirenak)

Ezagutu itzazu San Mamesen jokatuko den (21:00etan) Kopako txapelketako final-zortzirenetako partidaren xehetasun guztiak

Athleticek Kopan aurrera egiten jarraitu nahi du urtarril bizi honetan. Lehoiek hirugarren derbia jarraian jokatuko dute astebete eskasean, eta gaur gauean Deportivo Alaves jasoko dute, final-zortzirenetako kanporaketan, partida bakarrera.

Lehen mailara egindako itzuleran, Luis Garcia Plazak zuzentzen duen taldea 20 punturekin 13. postuan dago kokatuta LaLigan, jaitsiera postuetatik bost puntuko aldearekin, eta Real Betis, Terrassa eta Deportivo Murcia gainditu ondoren iritsi da Kopako hitzordu honetara.


Deialdia

Teknikari zuri-gorriak 24 futbolari deitu ditu Deportivo Alavesen aurka Kopako final-zortzirenetan jokatzeko. Neurketa hasi aurretik bi jokalari kanpoan gelditu beharko dira. Min hartuta aurkitzen den Dani Garcia baja izango da, eta Iñaki Williams Afrikako Kopa jokatzen ari da Ghanako selekzioarekin. Jauregizarrek beste deialdi bat egin du lehen taldearekin.

Valverde

Errepasatu hemen lehoiek eta babazorroek jokatuko duten norgehiagokaren aurretik Ernesto Valverdek egindako adierazpenak.

Aurkaria

1921ean sortua, hasieran "Sport Friends" izena izan ondoren, Deportivo Alaves Lehen Mailara 1929/30 denboraldian lehen aldiz igo zen. Ordutik hona, Arabako taldeak gorabehera dexente bizi izan ditu, hainbat krisi ekonomiko eta kirol krisi bizi izan baitituzte. Hala ere, 2000ko hamarkadan, eta Lehen Mailan itzuli zirela, UEFA Koparako sailkatzea lortu zuten eta 2001ean bigarren txapelketa kontinentaleko finala jokatu zuten, zale eta klub arabarrarentzat historikoa izan zen neurketan. Dena dela, gasteiztarrek galdu egin zuten Liverpoolen aurka (5-4).

Arazoak kirol bolada txarrarekin itzuli ziren. Oso egoera ezegonkorra bizitzea egokitu zitzaion taldeari eta 2011n desagertzeko zorian izan zen, Josean Querejeta buru zuen enpresa talde batek klubaren agintea hartu zuen arte. Ondoren, 2016/17 denboraldian, bere historiako Kopako lehen finala jokatu zuen eta 3-1 galdu zuen FC Barcelonaren aurka. Talde babazorroak gorengo mailan jarraitu zuen duela bi denboraldi arte, eta ikasturte honetan Lehen Mailako plaza berreskuratu egin du, play off agoniko batean igo ondoren, Asier Villalibre gure jokalariak Levante UD taldearen aurkako kanporaketa erabakigarrian penaltiz egindako azken tantoari esker.

Orain arte, bilbotarrek eta gasteiztarrek bederatzi Kopako kanporaketetan neurtu dituzte indarrak, guztiak partida bikoitzean, eta horietako zazpitan lehoiek txandaz igarotzea erdietsi zuten. Horietatik azkena 1995/96 denboraldian izan zen.

Athleticzaleak munduan barrena

Zauden lekuan zaudela, ziurtatu zaitez gure Athleticen neurketa galtzen ez duzula.