"LaLiga da garrantzitsuena orain"

"LaLiga da garrantzitsuena orain"

Kopako balentriaren ostean, Valverdek oso ondo ikusten ditu bere jokalariak, baina jokoan asko duen aurkari baten aurrean "maila eman" behar dutela eta "txipa aldatzea derrigorrezkoa" dela ohartarazi du

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek bihar 16:15ean Nuevo Mirandilla zelaian Cadizen aurka jokatuko duten partidaren atarian. Kopako bosgarren finalerdia jarraian jokatzeko sailkapena lortu ondoren, talde zuri-gorriak ligari berrekingo dio: "Txipa aldatzea ez da erraza, baina derrigorrezkoa da. Barçaren aurka asteazkenean gertatutakoa burutik kendu eta Valentzian gertatutakoa buruan jarri behar dugu. Puntuak batzeko beste aukera bat dugu, nahiz eta  Cadizek asko duela jokoan badakigun. Puntu aldetik konprometituta dago eta entrenatzailea aldatu berri du. Hori beti da pizgarria. Guk ere asko posizio horretan egon behar dugu, LaLiga baita garrantzitsuena orain".

Teknikariaren iritziz, bere taldea sasoi onean dago eta pozik dago horregatik: "Taldeak beti dena ematen duela gustatzen zait. Zale bati ikustea gustatzen zaion taldea gara. Plantilla luzea dugu eta jokalariak inplikazio handiarekin erantzuten ari dira, euren egoera edozein dela ere. Egunero hau bizitzeko, mantentzeko eta gozatzeko ilusioa dugu. Hori bermea da guretzat. Aurreko eguneko partidak eman zigun konfiantzak bultzatu behar gaitu. Hala ere, biharkoa beste istorio bat da, etxetik kanpo jokatzen dugu eta gure zaleek San Mamesen izan zuten intentsitatea Nuevo Mirandillako zaleek izango dute. Maila eman behar dugu".

Arrazakeriaren aurkako mezua

Valverdek ere bere iritzia eman nahi izan du azken egunetan ikusi diren zoritxarreko iruzkin batzuen inguruan: "Ez zait gustatzen sare sozialetan ateratzen diren gauzei buruzko iruzkinak egitea, denok baitakigu zer dagoen. Jendearen kultura falta deitoratzea baino askoz gehiago ez daukat esateko.
Gure fitxaketa bati buruzko iruzkin arrazista bat, edo, tira, edozer gauzaren aurrean, zein mundutan bizi garen ez dakigularen seinalea dela iruditzen zait".