Guruzetak 2028ra arte berritu du kontratua

Guruzetak 2028ra arte berritu du kontratua

Golegile zuri-gorriak lau urtez luzatu du Athleticekin duen lotura

Athletic Clubek eta Gorka Guruzetak akordioa lortu dute kontratua lau denboraldiz luzatzeko, 2028ko ekainaren 30era arte. Donostiarra da, hamar tantorekin, zuri-gorrien golegile nagusia, Iñaki Williamsekin berdinduta. Sinadura gaur goizean egin da San Mamesen, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futboleko zuzendari nagusia bertan zirela.

Guruzeta erreferentziazko aurrelaria bihurtu da Ernesto Valverderentzat lehoi gisa burutzen ari den bigarren aroan, duela bi uda SD Amorebietatik iritsi ondoren. Talde jokoan dituen bertuteez gain, bere eraginkortasun-mailak gora egin du errematean, eta bederatzi tanto egin ditu Liga txapelketan eta bat Kopan, FC Bartzelonaren aurkako garaipenaren bidea ireki zuena. Horrela, iaz erregulartasunaren torneoan sartutako sei golen marka gainditu du.
 
Denboraldiaren herena falta denean, Guruzetak 26 partida jokatu ditu dagoeneko, 72 lehoi orotara Athleticen. Antiguoko KEko beheko kategorietan hezitutako jokalaria pozik agertu da gaur sinatutako akordioarekin. Zuzendaritza Batzordeak ezarritako ildo beretik, soldata-egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin sinatu du kontratu berria. Aurrelaria hedabideen aurrean azalduko da Lezaman ostegun honetako 10:15ean. 

Mikel Gonzalezen futbol zuzendari nagusiaren esanetan, "gure joko-eredurako aurrelaririk onena da Gorka. Taktikoki bikaina, beti ondo aukeratzen du non kokatu. Eraginkorra da aurkariaren ate aurrean eta asko hobetu azken metroetako mugimenduetan. Oso aurrelari osoa da, balio handikoa guretzat. Albiste bikaina da datozen urteetan halako punta handi bat gurekin eduki ahal izatea".