2024ko Kopako finaleko sarrerak

2024ko Kopako finaleko sarrerak

Bazkideentzako izena emateko epea martxoaren 6tik 11ra bitartean egongo da irekita eta zozketa martxoaren 14an egingo da. Informazio guztia datorren asteartean argitaratuko da

Athletic Clubek datorren asteartean, martxoaren 5ean, argitaratuko ditu 2024 Kopako finaleko sarreren banaketarekin lotutako oinarriak eta gainerako informazio interesgarria. Finala apirilaren 6an jokatuko da Sevillako La Cartuja estadioan.

Oraingoz, Klubak aurreratzen du bazkideentzat izena emateko epea martxoaren 6ko (asteazkena) 10:00etan zabalduko dela eta martxoaren 11ko (astelehena) 18:00ak arte egongo dela zabalik. Zozketa martxoaren 14an, ostegunean, egingo da.

Izen ematea Bazkideen Txokoan egin beharko da, horretarako bereziki ezarriko den atalean. Taldean izena emateko interesa dutenek hala egin ahal izango dute, gehienez ere taldeko lau kiderekin.

Bazkide guztiek dute zozketan parte hartzeko eskubidea, baina denboradian zehar San Mamesen edukitako bertaratzea kontuan hartuko da. Ondorioz, zozketa egiteko eta sarrerak banatzeko prozesuaren oinarrietan jasota egongo da, joan den abuztuan Klubaren kanal ofizialetan jakinarazi zen bezala.

San Mamesera FC Bartzelonaren aurka bertaratzea zozketarako kontuan hartuko da

Zozketa ostegunean, martxoak 14, egingo denez, Athletic Clubek igande honetan, martxoak 3, Bartzelonaren aurka jokatuko duen partida Kopako finaleko bazkideentzako sarreren zozketarako kontuan hartuko den azken neurketa izango da.

Gogora dezagun, joan den abuztuan argitaratu zen bezala, bertaratzea kontuan edukitzeko bazkide-txartela bazkideak berak edo hirugarren batek erabili behar izan duela, edo Klubari behar bezala laga bazio, berdin du azkenean saldu den ala ez.

Hamazazpi partida dira bazkideen bertaratze kopurua zehazteko kontuan hartuko direnak: Real Madril (Liga), Real Betis (Liga), Cadiz CF (Liga), Getafe CF (Liga), UD Almeria (Liga), Valentzia CF (Liga), RC Celta (Liga), Rayo Vallecano (Liga), At. Madril (Liga), UD Las Palmas (Liga), Real Sociedad (Liga), Alaves (Kopa), FC Bartzelona (Kopa), RCD Mallorca (Liga), Girona FC (Liga), Atletico Madril (Kopa) eta FC Bartzelona (Liga).