"Derbia jokatzeko unerik onenean gaude"

"Derbia jokatzeko unerik onenean gaude"

David Aznarrek "aldakortzat" jo du bere taldea, eta ilusioa eta anbizioa azaldu ditu Reale Arenan Realaren aurka indarrak neurtzeko

Reale Arenan Realaren eta Athleticen arteko derbia jokatzeko 24 ordu eskas falta direnean (bihar, 18:00etan), talde zuri-gorriko entrenatzaileak komunikabideei erantzun die Lezaman. Taldeak daraman dinamikarekin pozik, David Aznarrek uste du FC Barcelonaren aurka jokatu zuen partida ona "haize freskoa" izan zela, taldea denboraldiko boladarik onenean mantentzen ari dena, Liga F-n lau garaipen jarraian lortuta.

"Oso ziklo zorrotza izan dugu, eta talde osoak erantzun du. Une onenean gaude eta ilusio handiz goaz han irabazteko", esan du entrenatzaileak.

Talde txuri-urdinaren aurkako euskal derbiari dagokionez, entrenatzaileak esan du "agertoki polita dugu, garrantzitsua, badakigu zer suposatzen duen. Reala ere une onean dator. Bi taldeek futbol-proposamen alaia daukagu. Lezaman jokatu ditugun bi partidetan gertatu zen bezala haiek deseroso sentiarazten saiatuko gara". Gainera, entrenatzaileak esan duenez, "lehen minututik derbiaren bila joango gara eta denboraldi honetako hirugarren derbia irabazten saiatuko gara. Realak bere armak ditu eta erakusten ari da, baina badakigu ere zein den gure potentziala".

"Goian dauden aurkari guztiak harrapatzen saiatuko gara"

Athleticek une gozoaz gozatzen du eta Daviden esanetan "ez dugu ezer baztertzen eta matematikak uzten digun guztia borrokatuko dugu". Talaverakoak badaki puntu asko geratzen direla jokoan eta hor goian egoteko erregulartasuna mantendu behar dela, ez baita erraza. "Goian dauden aurkari guztiak harrapatzen saiatuko gara".

Azkenik, entrenatzaileak bere taldearen aldakortasuna azpimarratu du, eta "talentu handiko eta jokalari azkarrekin" aldaera eta aukera asko dituela azaldu du.