"Jardunaldiak aurrera egin ahala hazi gara"

"Jardunaldiak aurrera egin ahala hazi gara"

David Aznarrek taldeak bizi duen "dinamika positiboa luzatu" nahi du, igandean Levante Las Planasi gailenduz

Datorren igandean Liga F-ko jardunaldi berri bat iritsiko da Lezamara eta Athletic Clubek, denboraldiko boladarik onenean murgilduta, Levante Las Planas hartuko du Lezaman 16:00etan. David Aznarrek gogorarazi du joaneko partidan kataluniarrak nagusitu zirela: "Bi irudi erabat ezberdinak dira. Lehen itzuli bikaina egin zuten eta bigarren honetan gehiago sufritzen ari dira. Gu alderantziz. Behetik gora egin dugu. Jardunaldiak aurrera egin ahala hazi gara. Bigarren itzuli bikaina osatzen ari gara, etxean geratzen zaizkigun partida guztiak irabazi nahi ditugu eta hemen galdu gabe amaitu. Bizi dugun dinamika positiboa luzatu nahi dugu. Igandean, asko errespetatu behar dugun aurkari baten aurrean, partida zaila dugu, behar handia duelako".

Entrenatzaile zuri-gorriak bolada onari balioa eman nahi izan dio, bost garaipen jarraian lortu ostean, eta igande honetan 2018/19 denborakldiko seiak berdindu ditzakete lehoiak. "Oso zaila da txapelketa honetan bost partida jarraian irabaztea urtero dafoen mailarekin. Lanaren saria da, neskek une hau bizitzea merezi dute", azpimarratu du.

Aste honetan Klubak jakitera eman du Ainize Barea "Peke" aurrelaria haurdun dagoela eta baja izango dela datozen hilabeteetan: "Pozgarria da guztiontzat, ilusio handiz bizi dugu prozesu hau berarekin batera, eta onena opa diogu. Kluba hazteko aukera bat da. Jarduera-protokolo bat ezarri du, jokalariak ahalik eta euskarririk onena izan dezan".

Azkenik, gizonezkoen Kopako finaletik astebetera, emakumezkoen taldeko teknikariak bere lehen urtean hau bizi ahal izateagatik pribilegiatua dela aitortu du. "Ikaragarria iruditzen zait nola bizitzen ari den, finalarekiko ilusio guztiaz gozatzen ari naiz. Guztiok nahi dugun amaiera izatea nahi genuke".