"Gure zaleentzat festa bat izatea espero dugu"

"Gure zaleentzat festa bat izatea espero dugu"

Villarrealaren aurkako partidaren garrantziaz jabetuta, Valverdek azpimarratu du "garaipena bilatu behar dugula atzean ez geratzeko"

Kopa irabazi ondoren, Athletic Clubek beste partida bat jokatuko du datorren igandean, posizioak igotzen jarraitzeko. Lehoiek Villarreal CF izango dute aurkari LaLigako 31. jardunaldiko partidan, San Mamesen.

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak txapelketa erregularrak jarraitzen duela azpimarratu nahi izan du: "Kopak aurrean ditugun erronkak lortzera bultzatuko gaituela espero dugu. Energia positibo hori aprobetxatzen saiatuko gara. Argi dago aste hau emozio handien eta ospakizunen astea izaten ari dela. Baina orain biharko partidan jarriko dugu arreta, asko baitaukagu borrokatzeko".

Aurkariari dagokionez, "Villarrealaren potentziala zein den badakigu. Goranzko norabidean daude, eta Europan sartzeko aukera handiak dituzte. Jakina, aurkari zaila izango da, etxetik kanpo indartsuak izaten ari direlako ".

Baita ere, Valverdek esker oneko hitzak izan nahi ditu: "De Marcosek finalaren aurretik esandakoaren ildotik, eskerrak eman nahi dizkiet hau lortzen lagundu diguten guztiei. Bereziki final bat jokatu ezin izan zuten jokalari guztiei, iraganean lagundu diguten entrenatzaile guztiei eta honen guztiaren zati garrantzitsu bat duten Klubeko langile guztiei ". 84ko txapeldunak ere aipatu nahi izan ditu: "Inspirazio iturri dira guretzat eta erreleboa hartzeko gogoa genuen. Oso polita izan zen ostegunean itsasadarrean haiekin topo egitea".

Zalantzarik gabe, zaleen babesaz jabetuta, harro agertu da Valverde: "Beti bultzatzen gaituen bere fede eta debozioagatik. Ostegunean zein Sevillan, Athleticek zer esan nahi duen erakutsi zioten munduari. Hemendik aurrera Athletic jarraitu nahi duena, datorren tokitik datorrela, ongi etorria izango da ".

Amaitzeko, zuri-gorri teknikariak besarkada bat bidali dio Gerardo Floresen familiari, aurreko egunean Bilbon hildako Peña de Montijo peñakidearen familiari: "Gurekin egongo da beti".