“Ez dago aurretik erronka bat izatea baino ezer hoberik”

“Ez dago aurretik erronka bat izatea baino ezer hoberik”

Valverdek esan duenez “ azken unera arte Txapeldunen Ligara heltzeko lehiatzen jarraitu nahi dugu”

Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzaileak agerraldia egin du lehoiek bihar 21:00etatik aurrera San Mamesen Granada CF taldearen aurka jokatuko duten neurketaren atarian: “Azken unera arte lehiatzen jarraitu nahi dugu eta ez dago aurretik erronka bat izatea baino ezer hoberik. Alde horretatik, Txapeldunen Ligara iristea da gure helburua. Lau puntu atzetik goaz eta edozein hutsegitek zigortu egingo gaitu. Kontua ez da aurretik zer gertatu den pentsatzea, baizik eta ondo egotea eta denboraldi amaiera ona izatea. Giroa ona da eta ondo dago pozik egotea. Gainera, pizgarria ere bada. Ez dut zalantzarik taldearen errendimenduaren inguruan”.

Zuri-gorriek jaitsiera postuetan dagoen talde andaluziarraren bisita jasoko dute, baina badakite zein zaila den maila gorenean irabaztea: “Ez da erraza izango, irabaztea ez da inoiz erraza, eta badakigu zer egin behar den horretarako. Granada Lehen Mailako taldea da, eta, gainera, bere aukera guztiak aprobetxatu behar ditu amaierara arte. Salbaziotik 11 puntura daude eta eurentzat, norgehiagoka erabakigarria ez bada, nahikoa gerturatzen zaio. Garaipena bilatu behar dute jardunaldi gutxi geratzen direlako. Lortuko ez balute, egoera oso zaila izango litzateke. Asko dute jokoan, baina guk ere bai eta Atleticoren aurkako hurrengo partidara eurengana hurbiltzetik gertu iritsi nahi dugu”.

Raul Garciak futbola utziko duela iragarri berri du, eta Valverdek hitz politak eskaini dizkio: “Zaila da dituen zenbakiekin ez harritzea. Ez bakarrik Athleticen, bere ibilbide osoan zehar. Hiru taldetan aritu da eta funtsezko jokalaria izan da. Taldeko erreferente argienetako bat da, ez kapitaina izateagatik, baizik eta gauzak egiteko dituen moduagatik, bere profesionaltasunagatik, bultzadagatik, inoiz amore ez emateagatik eta beti borrokatzeagatik. Guretzat pribilegioa eta zorte ikaragarria izan da berarekin kontatzea. Onena opa diogu eta badaki gutariko bat dela”.

Azkenik, azken unean Villarreal CF-ren aurka berdinketa ekarri zuen jokaldiari buruzko iritzia eman du teknikariak: “Gutxienez eztabaidagarria izan zen. Oso Klub zintzoa gara arbitraje-estamentuarekin. Beti izan gara, eta ulertzen dugu epailea oker egon daitekeela eta erabaki bat edo beste har dezakeela. Niretzat, une hartan ez zen penaltia, eta orain ere ez da, baina izan zen, gertatu da eta kito. Denok gaude kritiken eraginpean, entrenatzaileak lehenengoak, eta jasotzen ditudan bakoitzean komunikatu bat atera beharko banu, ezinezkoa litzateke”.