Datorren denboraldian De Marcos izango da Athleticeko kapitaina
Datorren denboraldian De Marcos izango da Athleticeko kapitaina
Guardiako futbolariaren errendimenduak kontratua berritzera eraman du eta Muniainek besokoa pasa dio denboraldi honetan San Mamesen jokatu den azken partidan
Azken denboraldietan ohikoa izan den bezala, Oscar de Marcosek, Athletic Cluben partida gehien dituen laugarren jokalariak (532), denboraldi amaierara arte itxaron du balantzea egiteko eta, ebaluazio horren eta Klubaren borondatea ikusi ondoren, bere etorkizuna erabaki du: 2025era arte berritu eta 16 urte beteko ditu lehen taldean.
Albistea zuzenean jakinarazi die zale zuri-gorriei Sevilla FC taldearen aurka San Mamesen jokatutako neurketaren amaieran. Katedrala kapitaintzan izandako errelebo historiko baten lekuko izan da, eduki sinboliko eta emozional handikoa. Lehenik eta behin, De Marcosek talde osoak sinatutako kamiseta eman dio Muniaini.
Ezustekoa berehala etorri da, Muniainek belaunaldien arteko transmisioa bete betean gorpuztu duenean besokoa Guardikoari utzita, bideomarkagailuan Athleticen historiako aurreko kapitainen argazkiak eskaintzen bitartean eta sekuentzia De Marcos 2025 irudiarekin bukatu da. Raul Garciak, gaur ere San Mamesi agur esan dionak, De Marcos 2025 izena zeukan kamiseta bat eman dio kapitain berriari. #EzDadilaHariaEten.
Hausnarketa kontratua berritu aurretik
De Marcosek, 35 urte bete berri, Klubean jarraitzea zelaian irabazi du izan duen errendimenduarekin. Eskuin hegaleko ohiko jokalaria izan da (33 partidatan), Athletic Europara itzularazi du eta Kopako 25. titulua eskuratu du, 40 urteren ostean hautsak harrotuz.
Alderdi fisikoa gaindituta eta Klubaren nahiaren jakitun, denboraldiaren azken txanpa honetan ere hausnarketarako unea iritsi da, sailkapen-helburuak oraindik bete gabe zeudela, beste faktore garrantzitsu batzuk ere kontuan hartu behar izan ditu eta; hala nola, ikuspuntu animikoa eta alderdi mentala. De Marcos, nortasunagatik, balioengatik eta esperientziagatik, aldagelako erreferenteetako bat da, eta taldearen gaineko erantzukizunaren zentzuak kapitainaren besokoaren oinordeko ezin hobea bihurtzen du.
Duela gutxi hirugarren aldiz aita izan ondoren, familia zen balantza desorekatu zezakeen azken elementua. Denboraldian zehar lortutako arrakastak, Athletic Kopako txapeldun bihurtzeko ametsa beteta, agian, bere ibilbide apartari agur eta amaiera ezin hobea ematera gonbidatzen zuen.
Hala ere, iaz gertatu zen bezala, eta alde onak eta txarrak kontuan hartuta, Oscar de Marcosek azken galdera erabakigarriari erantzun behar zion. Printzipio kontu bat, interes pertsonala gainditzen duena: zer da Athleticentzat onena?
Oraindik hankak, burua eta bihotza topera dituela bere postuarengatik borrokatzeko prest sentitzea behin betiko gakoa izan da eta Ernesto Valverdek denboraldi bat gehiago jarraitzeak ere pisua izan du San Mamesen asko ospatu den erabaki honetan.
Bizitza osoa elkarrekin
10 eta 18 zenbakidunak, Muniainek eta De Marcosek, euren debutak astebete eskasez banatuta, 15 denboraldi eman dituzte elkarrekin, bizitza oso bat.
Isla Canelako lehen kontzentraziotik La Gabarrako ospakizunera 5.414 egun igaro dira, 700 entrenamendu baino gehiago. Ibilbide paraleloak, meritu itzeleko lorpenekin: Kopako txapeldunak, bi Superkopa, Europa Ligako txapeldunordeak, lau aldiz Kopako txapeldunordeak, Txapeldunen Ligarako sailkapen bat, zazpi urte Europan lehiatzen... eta 500 partida baino gehiago zuri-gorriz jantzita, Jose Angel Iribar eta Txetxu Rojo bezalako mitoekin batera.
Oscar de Marcosek Iker Muniainen lekukoa jasotzeaz gain, bidean lagundu dioten beste hainbat taldekiderena ere jasoko du kate-mailan, eta, zalantzarik gabe, Guardiako Erreserba Handiaren jarraitzaileek adina poztuko dira.