"Egun polita izan da guztiontzat"
Partida borobila jokatu ostean, Valverdek "lasai eta pozik" dagoela aitortu du
Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea pozik agertu da lehoiek San Mamesen Sevilla FC mendean hartu ostean. Iker Muniainek eta Raul Garciak agur esan duten egunean, biek sartu dituzte partidako golak: "Norberak bere kirol ibilbidean pentsatzen duenean, horrela esan nahi du agur. Gol bat sartuz, taldeak irabazita, nahi zuen helburua lortzen lagunduz. Gustura idatziko nukeen, baina ez zegoen prest. Beti idazten ditut gidoiak eta ez dira horrela ateratzen. Egun polita izan da guztiontzat zentzu guztietan. Guretzat garrantzitsua zen bosgarren postua ziurtatzea, eta gero omenaldia egin nahi genien bi jokalari horiei, merezi duten bezala. Haiek lagundu digute irabazten".
Gainera, teknikari zuri-gorri azpimarratu du ondo aritu direla etxean aurte: "Iaz kanpoan zenbaki onak egin genituen, aurten ere bai. Aldea izan da aurten indartsu egon garela hemen, Athleticek horrela egin behar du beti. Gure estadioa, gure publikoa eta gure grina baliatu behar ditugu. Iragan denboraldian bageneukan, nahiz eta asmatzea falta izan zitzaigun. Aurten asmatu dugu. LaLigan denboraldia oso ona izan da, eta Kopa irabazita, aparta bihurtu da. Lasai eta pozik geratzen naiz".
Azkenik, Oscar De Marcosen kontratu berritzea ospatu du Valverdek: "Denok ezagutzen dugu De Marcos. Muniain eta Raul bezala, Athletic sena duen futbolari bat da, jendeak hori nahi du bere taldean. Askotan entzungo diogu, eta badakigu zelaitik kanpo zer emango digun, hitz egiten, sentitzen eta transmititzen duen horretan nabaritzen da. Zelaiaren barruan ere bai. Partida ikusi besterik ez dago. Funtsezkoa da erreferente horiei eustea are gehiago bi ateratzen direnean".