Zelaia irabazi & Lay's Replay

Zelaia irabazi & Lay's Replay

Fundazioak proiektu berri bat jarri du abian, eta Bilboko 12 eta 16 urte bitarteko nesken artean futbola gizarte- eta hezkuntza-tresna gisa sustatzea du helburu

Athletic Club Fundazioak, Common Goal eta UEFA Foundation-ekin lankidetzan eta Lay’s-en babesarekin, Zelaia Irabazi & Lay' s Replay proiektua jarri du martxan. Proiektu horren bidez, 12 eta 16 urte bitarteko neskek, batez ere jatorri migratzailea duten familietakoek, Bilbon futbola aisialdi parte-hartzaile gisa egitea ziurtatu nahi da.

Proiektua Lay’s Replay proiektuaren barruan kokatzen da, eta gaur inauguratu den Errekaldeko Kiroldegiko Lay’s Replay zelai berrian egoitza izango duten hainbat talde martxan jartzea du helburu. Talde horiek ez dute maila-joerarik izango, ezta lehiatzeko bokaziorik ere, baina lehiaketa konbentzionaletan parte hartuko dute, federatuetan zein eskolakoetan. Asmoa da kirolaren eta jolasen bidez ikasteko eremu seguru berri bat sortzea adingabeentzat. Proiektuaren parte-hartzaileen jarraipena ziurtatzeko erabiltzen da lehiaketa formatua. Fundazioak ezarri duen eredua Bakuva Fundazioarekin batera azken urteotan hain arrakastatsu garatu duen eredu bera da. Bakuva Fundazioa ere proiektu honen parte izango da.

Datorren urtean proiektu honetan parte hartu dezaketen jokalariak erakartzeko asmoz, Fundazioak 450 neska inguruk parte hartu duten futbol txapelketa antolatu du igande honetan Lezaman. Fundazioko ordezkariek, futbolari eta futbolari ohiekin batera, 13 institutu bisitatu dituzte azken hilabetean, eta 12 eta 16 urte bitarteko neskak gonbidatu dituzte txapelketan parte hartzera. Halaber, irailean emakumezkoen futboleko talde batzuk sortuko direla jakinarazi zaie, eta horietan izena eman dezaketela.

Talde berriez gain, Fundazioak saio ugari egingo ditu haur txikienekin, baita komunitatearentzako ekitaldiak ere, adingabeei eta familiei futbolaren ideia helarazteko, osasun fisiko eta mental hobea lortzeko gizarte- eta hezkuntza-tresna gisa, eta hainbat balio zabaltzeko, hala nola bertakotasuna, tolerantzia, errespetua, konpromisoa eta talde-lana, besteak beste. Saio horietan genero-ikuspegia landuko da bereziki, futbola neskentzako gune ezin hobea dela aldarrikatuz, beraiei dagokien eta norberarena den espazioa. Proiektu honetan, esan dezakegu, beraiek markatzen dutela bidea zelaia irabazten.

Leire Erezumak, Atxuriko Emilio Campuzano ikastetxe publikoko Arte Grafikoetako ikasleak, diseinatu du Marca Terreno / Zelaia Irabazi kanpaina, La Tapadera agentziaren zuzendaritzapean.