Jokin Aranbarri: "Helburua jokalariak lehiaketan prestatzea da"

Jokin Aranbarri: "Helburua jokalariak lehiaketan prestatzea da"

Bilbao Athleticeko entrenatzaile berria "benetan ilusionatuta" dago lehoikumeak Primera Federacion mailara itzuli direlako, "exijentzia handiko erronka garrantzitsua, baina polita"

Abian da Jokin Aranbarriren Bilbao Athletic. Filial zuri-gorriko teknikari berria SD Eibartik heldu da Lezamara, Primera Federacion mailan proiektua aulkitik zuzentzeko: "Erronka garrantzitsua da, exijentzia handikoa, baina polita. Eibarren urte askoan gustura egotetik nator, eta han gauza asko ikasi ahal izan ditut. Orain Athleticera iritsi naiz, klub berezia eta ahalik eta onena oinarrizko futbolean ari den ororentzat, bai nortasunagatik, bai gauzak egiteko duen moduagatik. Badakit non nagoen, urtero jokalari batzuek azken jauzia egiten dutela ikusten baitugu, eta hori oso zaila da gainerako klubetan. Horrek esan nahi du gauzak oso ondo egiten direla hemen. Kirol proiektu argi bat dago eta Lezaman egiten denenean %100ean sinesten da. Hasiera-hasieratik sentitu dut guztion konfiantza, eta horrexek betetzen nau. Benetan ilusionatuta nago. Jauzia handia dela uste dut. Estadioetan eta masa sozial eta inbertsio handiko aurkarien aurrean jokatuko dugu. Egia da, halaber, taldeak iaz zeraman lerroa oso positiboa zela. Espero dut inertzia hori hartu eta horrela jarraitzeko gai izatea".

Aranbarriren asmo nagusia talentu gazteak trebatzen jarraitzea eta lehen taldera hurbildu daitezela da: "Argi dagoena da garrantzitsuena jokalarien prestakuntza dela. Era berean, prestakuntza horretan garrantzitsua da taldea maila altuan egotea. Garrantzitsua da Primera Federacion hau jokatzea, horrek lehiaketa zorrotzagoa egiten duelako eta futbol profesionaletik gertuago egon gaitezkeelako. Helburua jokalariak lehiaketan prestatzea da".

Azkenik, entrenatzaile gipuzkoarrak futbolaren inguruan duen bere ideia talde zuri-gorriaren balioekin bat datorrela uste du: "Taldeak ausartak izatea gustatzen zait, egiten dutenarekin konbentzituta egotea. Jokalaria zelaian askatasunez erabakitzeko gai izatea gustatzen zait. Jokoaren kontrola eramatea ere gustatzen zait, baina horrek erritmo altua eta ulermena izatea eskatzen du. Futbola 24 orduz bizi behar dugu jokalaria osoa izan dadin. Oso identifikatuta sentitzen naiz lehen taldeak transmititzen duenarekin".