Maturana: “Futbola mezuak bidaltzeko tresna bat da”

Maturana: “Futbola mezuak bidaltzeko tresna bat da”

Kolonbiar entrenatzaile ospetsuak gizartearen eta futbolaren arteko loturei buruz hausnartu du zineforumean, bere herrialdeko selekzioaren testuingurutik

Gaurko Thinking Footballeko jardunaldiko bigarren saioan luxuzko bi gonbidatu izan dira: Francisco "Pacho" Maturana, Kolonbiako futboleko erreferentea, eta Martin Fradkin zine zuzendaria. "Doctor" ezizenez ere ezaguna, entrenatzaile ospetsua izan da protagonista nagusia Sala BBK Aretoan egin den solasaldian, "Colombia: Camino a la gloria" filmaren proiekzioaren ostean. Dokumentalak Kolonbiako selekzioak 1994 eta 2001 urteen artean bizi izan zuen garai arrakastatsua berpizten du, baina baita garai hartan herrialdeak bizi zuen konplexutasun politiko eta soziala ere.

Futbol selekzio edo klub baten eta gizartearen artean sortzen diren lotura emozionalen garrantzia –ez beti positiboak, batez ere herrialde bat narkotrafikoak astintzen badu– filmean zein solasaldian landutako gaietako bat izan da. Maturanak maisuki hausnartu du futbolean, familian, taldea egiteak duen garrantziaz, "eta ingurunea blindatzeak duen garrantziaz". "Familia ez da inoiz hondatzen, beti dago sintonian", amaitu du maisu handiak. Futbolak herriari eragin diezaiokeen zorion korrontea gogoratu du Maturanak: "Futbola mezuak bidaltzeko tresna bat da eta sentimenduak ukitzeko tresna bat da".

Hitzaldian filmeko protagonistetako batzuen izenak azaldu dira. Kolonbiako futboleko jokalari historikoak, hala nola René Higuita edo Andrés Escobar bera, Estatu Batuetako Munduko Txapelketan selekzioa kanporatu ondoren hil zuten defentsa gaztea.

"Colombia: Camino a la gloria" filmaren proiekzioaren aurretik, ESPN katearen "Greenland: Santa Cruz del Islote" film laburra emititu da. Martin Fradkin film laburraren zuzendariak ere hartu du parte solasaldian, eta Galder Reguerak moderatu du.

Eguneko lehen saioan, 18:00etan, Oscar Falagan eta David Casado "Campos" filmaren zuzendariak izan dira.

Ostegunean, “As primeiras” eta “Los Williams”, Iñakirekin solasaldian

Bihar iritsiko da Thinking-era jaialdiko piezarik esperatuenetako bat, "Los Williams" Raúl de la Fuentek zuzendutako dokumentala. Iñakik eta Nikok lehen pertsonan kontatzen dituzte euren bizitzako urterik garrantzitsuenak, Euskal Herrian hasi zirenetik Errege Kopa irabazi zuten arte. Solasaldian Iñaki Williamsek hartuko du parte.

Aurretik, 18:00etan, "As primeiras" filma proiektatuko da, Rio de Janeiroko aldirietan bizi den emakume talde baten bizitzaren erretratua. Sarrerak eskuragarri HEMEN