
Oscar de Marcosetik Iñaki Williamsera, “Ez dadila haria eten”
Oscar de Marcosetik Iñaki Williamsera, “Ez dadila haria eten”
Igandean, Athletic Club-Real Betis partidaren atarian, kapitain zuri-gorriak garaikurra jasoko du Athleticekin jokatu dituen 500 partiden omenez
Kapitainetik kapitainera, erretiratuta dagoen legendatik jardunean dagoen legendara, lagunetik lagunera: datorren igandean, Real Betis taldearen aurkako partidaren atarikoan, Oscar de Marcosek Iñaki Williamsi garaikurra emango dio, zuri-gorriz jokatutako 500 partidengatik aintzatesteko; marka hori joan den martxoaren 14an lortu zuen Girona FC-ren aurka.
2023an Oscar de Marcosek garaikurra Iker Muniainengandik jaso zuen bezala, eta honek bere garaian Markel Susaetarengandik, Iñaki Williamsi oraingoan De Marcosek emango dio, beste behin ere, Athletic Cluben nortasun bakarra osatzen duten futbolarien katearen arteko baloreen transmisioa antzeztuz. Partidei dagokienez, Iribar (614), De Marcos (573), Muniain (560), Rojo I.a (541), Etxeberria (514), Iraola (510) eta Susaeta (507) dira nagusi.
Iñaki Williams 500 partiden klub hautatuan sartzearekin batera, Katedralak mugarri gogoangarriz betetako kirol-ibilbidea txalotzeko aukera izango du – eta ea beste asko geratzen diren etortzeke.
Sinbolismoz betetako garaikurra
Trofeoan Iñaki Williamsek Girona FCren aurkako neurketan, 500. partida jokatu zuenean, erakutsi zuen jatorrizko besokoa dago. Erretxinez tratatu eta sendotutako oihalaren gainean, denboran iraun dezan, nabarmendu egiten dira Ikurriñaren koloreak, Athletic Cluben armarria eta partidaren data (2026ko martxoaren 14a).

Azpian, benetako erlikia den harri zati bat dago, San Mames zahar eta eraitsiaren aztarna, Athletic Cluben 128 urteko historiarekin lotura duena. Eta, azkenik, haritz-zurezko idulki bat agertzen da, eta efemeridearen datuak laserrez grabatuta daude, “Ez dadila haria eten” esaldiarekin. Klubak Iñaki Arce Sagarduy artista deustuarrari eskatutako obra bat da.
Real Betisen aurkako partidara Iñaki Williamsen omenaldian parte hartzeko behar besteko aurrerapenaz joateko eskatzen zaie zaleei.
Erlazionatutako jokalariak


Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Real Betis


