
“Aste erabakigarrienaren aurrean gaude"
“Aste erabakigarrienaren aurrean gaude"
Ernesto Valverdek argi du taldeak denboraldiko azken lau jardunaldietan dena eman behar duela: "Ez da egutegi erraza, baina garaipenak bilatzeko helburuarekin jokatu behar dugu"
"Aste erabakigarrienaren aurrean gaude, helburu guztiak egokitzen diren eta atzera bueltarik ez dagoen astearen aurrean. Eta hori guztia bihar hasiko da". Horrela hasi du prentsaurrekoa Ernesto Valverdek, bihar Valencia CF taldearen aurka jokatuko duten partidaren aurretik.
Entrenatzaile zuri-gorriaren arabera, bihar San Mamesek jasoko duena "tentsio handienarekin jokatzen diren partida horietakoa izango da; izan ere, talde guztiok dugu asko jokoan. Gauza bera gertatu zen Mendizorrotzan. Norgehiagoka horiek sutsuki jokatzen dira, ez baitago atzera bueltarik. Garaipena eskuratzeko premia handia duen aurkari bati egin behar diogu aurre". Hain zuzen ere, zuri-gorriek eta talde valentziarrak kontu dezente dituzte konpontzeko denboraldi amaiera honetan, nahiz eta helburuak desberdinak izan. Athletic Clubek gora egiten jarraitu nahi du Europako postu bat eskuratzeko eta Valencia FC-k datorren denboraldian LaLiga EA Sports txapelketako partaide izaten jarraitzea ziurtatu nahi du.
Azkenik, talde zuri-gorriaren azken txanpa zaila izan arren, Valverdek ikasturtea ahalik eta ondoen amaitzeko nahia azaldu du: "Taldea Europan uztea gustatuko litzaidake, urtea ondo amaitu ahal izateko. Aste honetan hiru partida jokatuko ditugu, asko jokatzen duten hiru talderen aurka eta denboraldia Bernabeun amaituko dugu. Ez da egutegi erraza, baina garaipenak bilatzeko helburuarekin jokatu behar dugu".
Erlazionatutako partidak
Athletic Club - Valencia CF


