Ane Azkonak 2028ra arte berritu du

Ane Azkonak 2028ra arte berritu du

Aurrelari nafarrak, azaroan debuta egin zuenetik Klubean hamar urte beteko dituenak, beste bi denboraldiz luzatu du kontratua

Athletic Clubek eta Ane Azkonak, 27 urteko aurrelariak, bi denboraldiz luzatu dute kontratua, 2028ko ekainaren 30era arte. Nazioarteko aurrelariak 2016ko azaroan egin zuen debuta, eta, beraz, hurrengo ikasturtean hamarkada bat egingo du zuri-gorri gisa. Iruñekoak Athleticekin neurketa gehien jokatu dituen egungo taldeko futbolaria izaten jarraituko du.

Denboraldi honetan 200 partiden muga gainditu du, orain arte 208 partida ofizial egin ditu Athletic Clubekin, eta guztira 41 gol sartu ditu.

Azkonak lehorreratze bikaina izan zuen Lezaman eta CD Ardoitik iritsi bezain laster egin zuen debuta 18 urterekin, Levante UD taldearen aurka, Buñolen. Bere presentzia lehen taldean eta bigarren taldean uztartu zuen, non gol ugari egin zituen, eta 2019/20 denboraldian elitean behin betiko geratu zen. Zoritxarrez, handik gutxira eskuineko belaunean larriki min hartu zuen. Errekuperazio prozesu luze baten ondoren, Azkonak sentsazioak eta protagonismoa berreskuratu zituen taldean, Athleticen erasoko erreferentzia bihurtu zen arte, abiadura, lan nekaezina eta golak eskainiz.

Emakumezkoen aldagelan funtsezkoa den futbolariaz ari gara, bere beteranotasunagatik eta taldea gidatzeko duen moduagatik. 27 urterekin, eta futboleko heldutasun prozesuan bete-betean, denboraldi honetan 30 partidatan parte hartu du: Liga F-ko 27 norgehiagoka (sei gol), bi Kopan (bi gol) eta Superkopako neurketa bat. Guztira zortzi gol batu ditu aurten, eta Azkonak golegile nagusi gisa errepikatu du hirugarren urtez jarraian.

Aurrelari karismatikoak Ibaigane Jauregian sinatu du kontratu berria, Jon Uriarte presidentearekin eta Xabier Arrieta Emakumezkoen Futbol zuzendariarekin batera. Iruñekoa pozik agertu da erakunde zuri-gorriarekin duen lotura beste bi denboraldi gehiago zabaltzeagatik: "Oso pozik nago hemen bi urte gehiago egoteagatik. Ilusio handia egiten dit Athleticen jarraitzea, ia hamar urte daramatzat egitea eta beste bi egitea oso pozgarria da. 18 urterekin etorri nintzen honera, oso gaztetxo, eta gaur egun, ni naiz aldagelako jokalari beteranoetarikoa. 10 urte hauetan futbolari eta pertsona bezala hazi naiz".