
Fundazioak argitaratutako ‘Boise’ liburuaren aurkezpena
Fundazioak argitaratutako ‘Boise’ liburuaren aurkezpena
Athletic Club Fundazioak ‘Boise – Diasporako hiru ipuin” liburua aurkeztu du gaur San Mamesen, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya idazleekin batera, ikaslez betetako ekitaldi batean
Nerea Ibarzabalek, Xabi Payak eta Onintza Enbeitak (azken honek ezin izan du aurkezpenean parte hartu) idatzi eta Athletic Club Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, argitaratutako ‘Boise – Diasporako hiru ipuin’ liburuaren aurkezpena ospatu da gaur San Mamesen.
Lauaxeta Ikastola, San Adrian BHI eta Markina BHItik etorritako hirurehun ikasle inguru hurbildu dira San Mamesera ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko.
Fundazioaren argitalpen berri hau hezkuntza-zentroetan doan banatuko da datorren ikasturtean eta aleak eskuratu nahi dituzten zentroek helbide elektroniko honetan eskatu ahal izango dute: [email protected]
Horretaz gain, datozen egunetan liburua webgunean deskargatzeko aukera egongo da.
Fikziozko obra, euskal diasporarekin hizpide
‘Boise” fikziozko obra da, hiru kontakizunek osatua, diasporaren, emakumezkoen zein Athletic Cluben identitateak biltzen ditu, 2025ean Idahoko Jaialdira bidaiatu zuen Athletic Clubeko beheko mailetako emakumezkoen talde baten esperientzian oinarritua.
Jon Maiak zuzendutako solasaldian, Xabi Payak eta Nerea Ibarzabalek haien esperientziei buruz hausnartu dute, bai Boiseko jaialdikoak bai haien idazmen prozesuenak ere. Bidaian bizitako hamaika bitxikari kontatu dituzte gainera.
Idazleekin batera, Nerea Ortiz, Athletic Clubeko presidenteordea, Johana Ruiz Olabuenaga, Athletic Clubeko Gizarte Arloko arduraduna; eta Galder Reguera, ‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren zuzendaria ere bertan izan dira.
Hain zuzen ere, liburuaren aurkezpena ‘Letrak eta Futbola’ jaialdiaren astean kokatzen da, nahiz eta ekimena Fundazioaren Programa Didaktikoaren parte izan.
‘Programa Didaktiko’ proiektua
‘Programa Didaktiko’ proiektu honetan, Athletic Club Fundazioak hezkuntza-jarduerak garatzen ditu, futbolaren eta Athletic Cluben balioetan oinarrituta. Ikastetxeekin elkarlanean aritzen da, ikasleek euren etapa akademiko bakoitzean helburuak lor ditzaten laguntzeko. Horretarako, hainbat proposamen prestatzen ditu, hezkuntza-maila ezberdinetara egokituak, eta kasu askotan formatu elebidunean egiteko aukerarekin.
Athletic Club Fundazioak ‘Letrak eta Futbola’ jaialdia ere antolatzen du, eta horren baitan, idazleek zein Athletic Clubeko protagonistek idatzitako liburuak argitaratzen ditu, futbolarekin eta bere balioekin lotutako istorioak, hausnarketak eta esperientziak partekatuz.
‘Boise’ da argitalpen horietako azkena.
