Irvine Welsh: “Athleticen filosofia bikaina iruditzen zait”

Irvine Welsh: “Athleticen filosofia bikaina iruditzen zait”

Eskoziako idazle ospetsuak, ‘Trainspotting’-en egileak, bere estilo eta prestigioaren mailan egon zen Amets Arzallus bertsolariarekin izandako elkarrizketan

Aurtengo ‘Letrak eta Futbola’-ren jaialdian Irvine Welsh-en presentziak ikusmin handia sortu zuen, eta eskoziako idazle ospetsuak ez zion inori hutsik egin. Bere legenda eta estiloari leial, erdi-serio eta erdi-punk den izaerarekin, Athleticen kamiseta bat jantzita igo zen agertokira eta bere energia eta umore zentzua kutsatu zituen bere iruzkin eta gogoeta bakoitzean.

Haren ondoan Amets Arzallus bertsolaria ibili zen maisuki galdezka, eta bere galdera zehatzekin Irvine Welshengandik etxearen markako erantzunak ateratzen jakin zuen: antiautoritarismoa, marjinalitatea, feminismoa, kapitalismoa, nortasuna, adikzioak, biziraupena, langile klasearen zaporeko futbola eta, beste ezeren gainetik, errealitatea ezkutatzeko inolako borondaterik ez duenaren adimena, baizik eta gordinki erretratatzekoa, hori bai, bere ñabardura kaotiko, umoretsu eta nihilista guztiekin.

Futbolarekin lotutako bere lehen oroitzapenaz galdetuta, Welshek familiarteko oroitzapenak gogoratu zituen eta, bereziki, 9 urterekin Hibernian FC taldearen partida gogoangarri bat ikustera joan zenean. PSGk eta Bayernek denboraldi honetan Txapeldunen Ligan jokatu zuten partida zirraragarriarekin alderatu zuen partida ikusgarri hori.

Hibernian taldearen zale gisa (Athletic Clubek Hibernian taldeko Joelle Murray jokalaria saritu zuela One Club Woman 2025 sariarekin), Welshek futbolak komunitatearen parte izateko duen indarra baloratu zuen, pertsonak elkartzen dituen presentzia ikusgarri eta etengabea izateko. “Oso argi dago hori, adibidez, Eskoziako langile-klasearen artean”, adierazi zuen.

Klub batek bere komunitatearekin duen lotura horren harira, Athleticek zaleekin duen lotura goraipatu zuen, eta futbol moderno eta globalarekin galtzen ari den zerbait izan daitekeela gaineratu zuen. Filosofiari buruz, ideia erromantikoa iruditzen zitzaiola adierazi zuen, “benetan bikaina”.

Futbola, maskulinitatea eta feminismoa ere elkarrizketaren parte izan ziren, eta hor Welshek bere burua feministatzat jo zuen, oraindik bide luzea dagoela egiteko aitortuz.

Espero zitekeen bezala, Welsh oso kritiko agertu zen kapitalismoarekin, ez bakarrik futbolean izan zuen eragin negatiboagatik, baizik eta, oro har, gizadian izan zuen eraginagatik.

Idazle eskoziarrak gogorarazi zuen ustelkeria eta kirola beti egon direla batuta eta, zoritxarrez, buruzagi politikoak beti saiatu direla futbola euren alde erabiltzen.

Ekialdeko Aretoa beteta zegoela, eta Amets Arzallusen agurreko bertso baten ondoren, entzuleek – Jose Angel Iribar tartean zela – txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten Irvine Welsh.

Gaur, 20:00etan, azken eguna, David Trueba eta Oscar Lopezekin

Gaur amaituko da ‘Letrak eta Futbola’ David Trueba eta Oscar Lopezen parte-hartzearekin. 20:00ak aldera San Mames VIP Areako Ekialdeko Aretoan hasiko da solasaldia, Champions Leagueko finala amaitu ondoren. Areto berean ikusi ahal izango da finala 18:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da aretoa bete arte, eta estadioko 14. atetik sartzen da.

David Trueba (Madril, 1969), idazlea, zinema zuzendaria, gidoilaria, kazetaria... Athletic Club Fundazioaren kultur jaialdien aspaldiko laguna da. Bere gizatasunak, argitasun kritikoak, umoreak, kultura jakinduriak eta futbolzaletasunak – koltxoneroa da, dena esan behar da – gonbidatu ezin hobea bihurtzen dute XVII ‘Letrak eta Futbola’-ri amaiera emateko.

Haren ondoan egongo da Oscar Lopez kazetaria eta Página Dos kultur programaren aurkezlea, literatura publiko zabalari modu dibulgatibo eta eskuragarrian hurbiltzen dion saioa.

‘Letrak eta futbola’

‘Letrak eta Futbola’ Athletic Club Fundazioak antolatutako kultur jaialdia da, eta Melia Bilbao hotelaren babes berezia eta Espainiako Gobernuaren Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza ditu.