
Athletic Club Museoa, 2026ko Munduko Txapelketako hiru erakusketatan
Athletic Club Museoa, 2026ko Munduko Txapelketako hiru erakusketatan
Bibi futbolari zuri-gorriak ‘Mexiko eta Bilbo artean, futboleko istorio partekatuak’ erakusketaren inaugurazioan parte hartu du ostiral honetan, Torreongo Arocena Museoak antolatuta
Athletic Club, AC Museoaren bitartez, 2026ko Munduko Futbol Kopan ere egongo da, futbolari lotutako hiru erakusketatan parte hartzen duelako, horietako bi Mexikon eta hirugarrena Estatu Batuetan.
Athletic Clubentzat garrantzi berezia du ‘Mexiko eta Bilboren artean, futboleko istorio partekatuak’ izeneko erakusketak. Ostiral honetan inauguratu da Mexiko Hiriko Museo Vizcainas ospetsuan.
Erakusketa honen inaugurazioan, Bibiane Schulze lehoia, Bibi, izan da. Halaber, Athletic Club Museoak bere bildumako hainbat material utzi ditu. Futbolari zuri-gorriak esker oneko hitzak eskaini dizkio antolakuntzari, eta bere familiak –Josemari Belausteguigoitia ‘Belauste’, eta Patxo, Ramon eta Santiago anaiak tartean– Mexikorekin eta futbolarekin duen lotura estua gogorarazi du.
Erakusketa Torreongo Arocena Museoak antolatu du, eta datorren astetik aurrera ere ikusgai egongo da.
Aipatzekoa da Athletic Clubek berak erakusketaren bertsio egokitu bat egingo duela azarotik aurrera.
Athletic Club Museoa, beste bi erakusketatan
Era berean, Athletic Club Munduko Txapelketan ikusgai egongo diren beste bi erakusketen parte izango da AC Museoak egindako ekarpenei esker.
Mexiko Hirian ere, Espainiako Kultur Etxean, ‘Espainiak Mexikon jokatu zuenekoa. Futbolean 90 urte’ ikusgai egongo da, bi lurraldeen arteko kirol-lotura ugariak islatzen dituena. Protagonismo berezia dute joan den mendean Athletic Clubek eta, batez ere, Euzkadiko selekzioak herrialde aztekan egin zituzten birek.
Azkenik, AEBn, Georgiako Atlantako Giza Eskubideetarako Zentro Nazionalaren ‘The People 's Game: Soccer and Human Rights’ (‘Herriaren jokoa: futbola eta giza eskubideak’) erakusketan, Athletic Club Museoak ere lagundu du Euzkadiko materiala lagatzen. “Murgiltze esperientzien, objektu originalen, istorio hunkigarrien eta futbola duintasun gune gisa” aztertzen duen erakusketa. “Izan ere, futbolak, berez, ez du mundua aldatzen, baina egiten dutenek bai”.
