
Regok 2030era arte berritu du Athletic Clubekin
Regok 2030era arte berritu du Athletic Clubekin
Bilboko erdilariak 41 partida jokatu ditu lehoi gisa egin duen lehen denboraldian, horietatik 8 Txapeldunen Ligan

Alejandro Regok eta Athletic Clubek akordioa lortu dute euren arteko lotura 2030eko ekainaren 30era arte luzatzeko. Harrobiko erdilaria, orainaren eta etorkizunaren aldeko apustua, protagonista handia izan da lehoi gisa egin duen lehen urtean: guztira 41 partida jokatu ditu, horietatik 8 Txapeldunen Ligan. Gainera, txapelketan partida guztiak jokatu dituen jokalari bakarra izan da. Sinadura San Mamesen egin da, Jon Uriarte presidentea eta Mikel Gonzalez Futbol zuzendari nagusia bertan zirela.
Erdilaria kadete adinean iritsi zen Lezamara, baloiari lehen ostikoak SD Indautxun eman ondoren eta gero Santutxu FC taldean aritu ostean. Rego, pausoz pauso joan da hazten Lezaman, duela bi denboraldi Bilbao Athleticen izan zuen eztandara arte. Horrek joan den udan Ernesto Valverderen aginduetara lehen taldera igotzea ahalbidetu zuen, harrobiko taldeko dortsalarekin.
Regok ligako lehen jardunaldian egin zuen debuta, San Mamesen Sevilla FCren aurka jokatutako partidan azken minutuetan zelairatuta. Beñat Pradosen lesioak atea ireki zion taldean tokia egiteko, eta ondoren bere lekua sendotzeko. Arsenal FC-ren aurka ere minutuak izan zituen, eta pixkanaka protagonismoa irabazten joan zen; RCD Mallorcaren aurka lehoi gisa lehen gola sartu zuen arte.
Harrobiko jokalariak lehen urratsa eman du elitean, eta orain erabakigarriak diren hurrengo pausoak falta zaizkio Klubaren apustuari erantzuteko. Mikel Gonzálezen esanetan, Regok «Lezaman aurreko denboraldietan sortutako itxaropenak berretsi ditu, eliteko lehen urtean 40 partida baino gehiago jokatuta. Aurkitzen zaila den erdilari-defentsibo baten profilarako baldintzak eta potentziala ditu».
Erlazionatutako jokalariak

