Terzić: "Camp Noun emaitza on bat lortzeko prest ikusten dut taldea"

Terzić: "Camp Noun emaitza on bat lortzeko prest ikusten dut taldea"

Entrenatzaile zuri-gorriak Barcelonaren aurkako partida aztertu du eta Beñat Prados eta Vivian lesionatuta daudela baieztatu du

Edin Terzićek hedabideen aurrean egin du agerraldia, Athletic Clubek eta FC Barcelonak ostegun honetan Camp Noun jokatuko duten neurketaren atarikoan. Entrenatzaile zuri-gorriak hitzorduaren zailtasuna azpimarratu du, baina taldeak bere nortasunari eutsiko diola argi utzi du, eta Bartzelonara doala "futbol partida handi bat" eskaintzeko.

Entrenatzaile alemaniarrak Barçaren maila goraipatu du: "Munduko ligarik indartsuenetako baten parte gara, eta oso partida zaila prestatzen ari gara talde onenetako baten aurka. Perfekzioa ukitzen dute une honetan, baina gugan jartzen dugu arreta". Gainera, talde blaugrana oso indartsua dela gogoratu du Terzićek: "Iaz ez zuten puntu bat galdu etxean. Oso partida zaila da bertatik pasatzen diren talde guztientzat, baina gure jokalariak ondo prestatuta daude emaitza positibo bat lortzeko".

San Mamesen Sevilla FC taldearen aurka galdu ostean, aurrera begiratu nahi du entrenatzaileak: "Partida gogorra izan zen, egoerak hala behartuta. Lan handiko astea da, hiru partidakoa, horietako bi kanpoan. Eskuragarri ditugun jokalarietan konfiantza dugu eta betetzeko gogoz gaude", adierazi du.

Taldearen egoerari dagokionez, Terzićek baieztatu du Dani Vivianek lan gehiago behar duela prest egon aurretik, eta Beñat Pradosek, berriz, lesio txikiagoa duela eta baja izango dela aste honetan. Maila orokorrean, entrenatzailea pozik agertu da: "Fisikoki oso ondo gaudela uste dut".

Azkenik, Yurirentzat txartel gorria izan zen azken partidako epaileen erabakiari buruz galdetu diotenean, Terzićek honakoa erantzun du: "Lehen esan dudan bezala, ez zait gustatzen epaileen erabakiei buruz hitz egitea. Bistan denez, ez zitzaidan gustatu eta orain onartu da ez zela zuzena izan. Badakit zein zaila den arbitratzea. Edonola ere, mundu guztiak ikasteko moduko erabakia izan behar du, berriro gerta ez dadin".