
Klubaren gonbidapenak kentzea: galderak eta erantzunak
Klubaren gonbidapenak kentzea: galderak eta erantzunak
Jon Uriarte presidenteak bere agerraldiaren atal bat eskaini dio Klubak gonbidapenak banatzeko protokoloa aldatzeko arrazoiak azaltzeari
Jon Uriartek, Athletic Clubeko presidenteak, denboraldiko kirol-helburuei buruzko prentsaurrekoaren atal bat eskaini du, zehatz-mehatz azaltzeko zergatik erabaki duen Klubak entitateari lotutako hainbat kolektibori gonbidapenak kentzea.
Argudioak azaldu aurretik, presidenteak aintzatespen- eta esker oneko hitzak izan ditu eragindako kolektibo guztiekiko: Zuzendaritza-Batzordea, langileak, jokalari ohiak, presidente ohiak, gizonezkoen lehen taldea eta –gonbidapenak murriztuta– emakumezkoen lehen taldea eta Bilbao Athletic.
Gai hori ahalik eta gehien argitzeko, Klubak Jon Uriartek emandako azalpenen laburpena egin du, galderen eta erantzunen eredu baten bidez.
Zer arrazoik justifikatzen dute eragindako kolektiboei gonbidapenak kentzea?
- Instituzionalak
- Sozialak
- Klubaren kudeaketa eta kultura
- Ekonomikoak
Horiek guztiak elkarri lotutako arrazoiak dira, eta helburu komun bat dute: Athletic hobea, sendoagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa.
Zeintzuk dira arrazoi instituzionalak?
- Estatutu Sozialen 7. artikuluaren arabera, Zuzendaritza-Batzordeak bazkide berriak erakartzeko eta sustatzeko betebeharra du.
- Garen klub-eredua: bazkideena den Athletic Club bat.
Zein dira arrazoi sozialak?
- Alde batetik, Athletic Clubeko bazkide izan nahi duten 11.000 lagunetik gorako itxaron-zerrenda egotea.
- Bestetik, San Mamesen salgai dauden sarreren eskaintza partida askotan sarrerak erosteko eskaria baino txikiagoa da.
Zein klub-kulturak eta kudeaketa-ereduk babesten dute neurria?
2022tik, AC Aurrera ekintza-planaren bidez, Klubaren kultura eta kudeaketa emaitzak lortzera bideratuta daude, profesionalizazioan, exijentzian eta anbizioan oinarritutako OKR metodologiaren bidez.
Horregatik, Klubak zorroztasun osoz kudeatu behar ditu entitatearen arlo guztiak, eta, kasu zehatz honetan, hala nola San Mames eserlekuak diren ondasun urria.
Zein dira arrazoi ekonomikoak?
Azken sei denboraldietatik bostetan galerak izan dira, 2019 eta 2025 artean, Batzarrean dagoeneko aurkeztutako zenbakiekin. Hau da, galerak izan dira gizonezkoen lehen taldeak Europan jokatu ez duen aldi bakoitzean:
- 2019/20 itxiera: - 40,6 M € (hornidurak aplikatu gabe). EBITDA, -19,6 M € (COVID-ak eragindako denboraldia)
- 2020/21 itxiera: - 45,4 M € (hornidurak aplikatu gabe). EBITDA, -25,2 M € (COVID-ak eragindako denboraldia)
- 2021/22 itxiera: - 37,6 M € (hornidurak aplikatu gabe). EBITDA, -11,1 M €
- 2022/23 itxiera: - 21,5 M € (hornidurak aplikatu gabe). EBITDA, - 4,7 M €
- 2023/24 itxiera: - 14,2 M € (hornidurak aplikatu gabe). EBITDA, - 6,6 M €
- 2024/25 itxiera: + 7 M € (taldeak UEFA EL jokatu zuen). EBITDA, + 19 M €
Ondorioz, ohiko diru-sarrerak handitzeko premia saihestezina dago, baldin eta kontuak orekatzeko ez baditugu hornidurak (mugatuak) erabili nahi, desinbertitu, futbolariak saldu edo kuotak igo.
Neurriak gerra-ekonomiari erantzuten al dio?
Ez, alderantziz. Datuek erakusten dute Klubak hazkundera bideratutako ekonomia hedatzailea garatzen duela.
Hala, 2021/22 denboraldiaren amaieran ustiapen-gastuen emaitza 126,6 M€-koa izan bazen, 2026/27 denboraldiko aurrekontuan 155,8 M€-ko ustiapen-gastuak aurreikusten dira; hau da, 29,2 M€ gehiago.
Kirol-langileei dagokienez (teknikariak, medikuak, fisioterapeutak, psikologoak, analistak, nutrizionistak…), gastuen ehuneko-hazkundea %58koa izan da, eta 59 pertsona gehiago hartu dira.
Kirolarekin loturarik ez duen langilegoari dagokionez, azken 5 urteetan, Klubak %70 handitu du inbertsioa, besteak beste, Babesletza, Marketina, Estadioaren Ustiapena, Giza Baliabideak, Teknologia, Datuak, Digitala, Sare Sozialak, Komunikazioa, Finantzak, Juridikoa, Estrategia edo I+G bezalako sailetan, eta 44 pertsona gehiago gehitu ditu.
Gainera, gure taldeentzako zerbitzu eta mantentze-lanekin lotutako gastua %37 hazi da 25/26 denboraldira arte (2,7 M€), 22/23 denboraldiarekin alderatuta; besteak beste, jantokia (600K guztira, eta horietatik 130K lehen taldeari dagozkio), joan-etorriak, jokalekuetako mantentze-lanak, egoitza, kirol-datuak, epaileak eta abar.
Era berean, azpimarratzekoa da Klubak 7,3 M€ inbertitu dituela 22/23 denboralditik gaur arte, azpiegitura berrietan, egungo azpiegiturak hobetzen, ekipamendu informatiko eta medikoak erosten eta abar.
Azkenik, lehen taldeetako baldintzak hobetzeko gastu eta inbertsioak ere nabarmenak izan dira.
Emakumezkoen lehen taldean, egiturako soldata-gastuak (jokalariak, entrenatzaileak, mediku-taldea eta errendimendu-taldea) %61 hazi dira (+1,4 M€), 22/23 denboraldia egungo 26/27 denboraldiarekin alderatuta. Zehazki, jokalarien soldatak %63 hazi dira (+0,7 M€).
Gizonezkoen taldean, 22/23 denboraldia egungoarekin alderatuta, inbertsioa etengabe eta goranzkoa izan da, jokalarien batez besteko gastuan %18ko hazkundea izan baita, ordainsari finkoak eta aldakorrak batuta. Era berean, errendimendu-zerbitzuetako langileetan, laguntza teknikoan, jantokian, joan-etorrietan, jokalekuetako mantentze-lanetan eta abarretan egindako gastuak %35 egin du gora.
Azken batean, hazkundera bideratutako ekonomia hedatzailea, baina jasangarritasunarekin.
Zenbat eserleku askatuko dira erabaki honekin?
1.019 eserleku.
Zer eragin ekonomiko eta onura ekarriko dizkio erakundeari?
Gutxi gorabehera milioi eta erdi euro (1,3 M€).
Zein dira erabakiak gehien eragiten dien kolektibo nagusiak?
- Zuzendaritza-Batzordea (edukiera orokorreko 88 gonbidapen izatetik 0 izatera igaroko da).
- Athletic Clubeko bazkide diren langileak (354tik 0ra).
- Jokalari ohien elkartea (120tik 0ra).
- Presidente ohiak (36tik 0ra).
- Emakumezkoen lehen taldea eta Bilbao Athletic (102tik futbolari bakoitzeko 1era; pertsonala eta besterenezina).
- Gizonezkoen lehen taldea* (172tik 0ra).
- Beste kolektibo batzuk: erretiratutako langile ohiak, zelatariak, harrobia… (beste kolektibo horien artean 147 eserleku askatuko dira).
*Lehen taldean lehen urtea egiten ari diren harrobiko jokalariak izan ezik.
Zein kolektibok mantenduko dituzte gonbidapenak?
- Lezamako harrobiko jokalariek: gutxi gorabehera 300 gonbidapen pertsonal eta besterenezin, betiere bere partidekin bat ez badatoz.
- Klubaren babesleek eta Fundazioarekin lankidetzan diharduten enpresek, kontratuetan ezarritakoaren arabera: 201.
- Erakunde- eta kirol-konpromisoetarako gordetakoak: 122.
Zer egingo du Klubak askatutako eserlekuekin?
Azaldutako arrazoiekin bat etorriz:
- Itxaron-zerrendatik datozen pertsona berriak bazkide egitea.
- Salgai jarriko diren sarreren eskaintza handitzea.
Kluba horri buruzko bideragarritasun-plana aztertzen ari da, eta laster kaleratuko du.
GONBIDAPEN TXOSTENA
