Athletic Clubeko harrobiari buruzko datuak ere bakarrak dira

Athletic Clubeko harrobiari buruzko datuak ere bakarrak dira

Lezaman hezitako jokalariak lantalde zuri-gorriaren balioaren % 89,7 dira, LaLigako beste edozein taldek baino ia 40 puntu gehiago

Athletic Clubeko plantillaren balioaren %89,7 Lezamako harrobian hezitako futbolariei dagokie, Transfermarkt-en sailkapenean jasotako eta LaLigak zabaldutako merkatu-balioen arabera. Ehuneko altuena da txapelketako taldeen artean, eta gainerakoekiko aldea oso esanguratsua da: ia 40 puntu handiagoa.

Real Sociedad bigarren postuan dago, %51,1ekin, eta hirugarrena FC Bartzelona da, %50,7rekin. Hau da, harrobiko jokalariek Athleticeko lantaldearen balioan duten ehuneko pisua, bigarren sailkatua baino 38,6 puntu handiagoa da, eta 39 puntu handiagoa hirugarrenarekin alderatuta.

Gero eta kontraste handiagoa

Kontrastea esponentzialki handitzen da LaLigako gainerako taldeekin alderatuz gero. Osasuna %30,1era iritsi da; Atletico Madril, %16,1era; Real Betis, %8,4ra; eta Real Madril, %6,7ra. Hortaz, Athleticen ehunekoa Osasunarena baino hiru aldiz handiagoa da, Atletico Madrilena baino bost aldiz handiagoa eta Real Madrilena baino hamahiru aldiz handiagoa.

Kopuru absolutuetan, Athleticeko harrobiko jokalariek 209 milioi euroko merkatu-balioa dute, aipatutako iturriaren arabera. FC Bartzelonako 639 milioiak soilik gainditzen dute zifra hori, nahiz eta lantalde gorri-urdinaren osotasunean balioaren %50,7 baino ez diren.