
Athletic Club: atezainen leinu paregabea
Athletic Club: atezainen leinu paregabea
Unai Simonen Urrezko Baloia/Yashin Saria jasotzeko izendapena une aproposa da historia zuri-gorriko beste sei atezain mitiko aldarrikatzeko: Ibarreche, Blasco, Lezama, Carmelo, Iribar eta Zubizarreta
France Football aldizkari ospetsuak urriaren 26an egingo du Urrezko Baloiaren urteko gala, eta munduko atezain onena saritzen duen Yashin Sariaren irabazlea ezagutzera emango du. Unai Simon hautagaietako bat da —duela bi denboraldi ere izendatu zuten—, eta haren hautagaitzak aparteko gertaera aldarrikatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du: Athletic Cluben elastikoa jantzi duten atezain bikainen kopuru handia.
Historia zuri-gorria atezainik nabarmenenen ibilbidearen bidez ere idatz daiteke. Cecilio Ibarrechek (1913-17), Gregorio Blascok (1927-36), Raimundo Perez Lezamak (1942-57), Carmelo Cedrunek (1951-63), Jose Angel Iribarrek (1962-79), Andoni Zubizarretak (1981-86) eta Unai Simonek (2018-gaur egun) honako sari eta titulu hauek pilatzen dituzte: 9 Liga titulu (Lezamak eta Carmelok 1956koa partekatu zuten), 20 Kopa, 2 Superkopa, Eva Duarte Kopa bat, Eskualdeko 10 Txapelketa eta 6 Zamora garaikur; horiez gain, Munduko Kopa bat, bi Eurokopa eta Nations League bat. Atezainen leinu paregabea, alegia. Eta hori guztia, beste atezain zuri-gorri batzuek ere (Vidal, Echevarria, Iraizoz, Aranzubia, Arrizabalaga...) merezimendu handiko ibilbideak izan dituztela aipatu gabe; esaterako, nazioarteko ibilbide nabarmena egin dutenek edo LaLigan gol gutxien jasotako atezain izateagatik Zamora saria irabazi dutenek.
Unique in the Team, Unique in the World
Gaur, Klubak ‘Unique in the Team, Unique in the World’ izeneko kanpaina abiatuko du. Kanpainak Athleticen atezainen leinu aparta eta talde baten barruan duten berezitasuna Klubaren beraren berezitasunarekin lotzen ditu. Izan ere, atezain bati buruz esan daitekeen asko, Unique in the Team izateari buruz esan daitekeen asko, Athletic Clubi buruz ere esan daiteke, Unique in the World baita:
Badirudi beste bat dela, baina ez da horrela.
Beste modu batean jantzia, baina hori ez da garrantzitsuena.
Beste arau batzuekin lehiatzen da, baina gutxik hartzen dute kontuan.
Ia beti bakarrik dago, baina jokoaren parte da.
Oso gutxitan izaten da heroia, baina hala denean, betirako izaten da.
Izan ere, egiazko unea iristen denean, berdinen artean bakarra da.
Eta ez da kasualitatea batentzat bakarrik gordetako postu batean,
Athleticek hainbeste atezain on izan dituela.
Ezberdina izateak ez du beste joko batean aritzea esan nahi,
baizik eta joko berbera inork ez bezala jokatzea.
Erlazionatutako jokalariak







