"Berdinketak garaipen bihurtu behar ditugu"

"Berdinketak garaipen bihurtu behar ditugu"

Edin Terzićek gogotsu egiten dio aurre Levanteren aurkako norgehiagokari, eta taldea "partida ona egiteko prest" dagoela adierazi du

"Ez dago partida errazik, beraz, Levanteren aurkakoa bizia eta emozionala izatea espero dugu. Azken entrenamenduetan sentsazio onak izan ditugu eta partida ona egiteko prest gaude". Adierazpen horiekin hasi du Edin Terzićek Ciutat de Valèncian lehoiek eta Luis Castroren taldeak asteazken honetan jokatuko duten partidaren aurreko agerraldia. "Patroi argiak dituen talde baten aurka arituko gara, aurkariei presio handia eginez eroso sentitzen dena, batez ere etxean jokatuz, eta horretarako prest egon behar gara. Erdilariekin malguak izatea gustatzen zaie eta azken herenean pase luzeak egiten saiatuko dira", gaineratu du.

Entrenatzaile alemaniarrak Athleticek LaLiga hasieran lortutako golik jaso gabeko partidak nabarmendu ditu, baina gehiago nahi duela adierazi du: "Pozik nago atea hutsean mantentzearekin, baina ez naiz horrekin bakarrik konformatzen. Arrisku gehiago sortu behar dugu berdinketak garaipen bihurtzeko". Gainera, taldearen beste alderdi positibo batzuk ere azpimarratu ditu: "Presio altuan ligako onenetarikoak gara. Baloia galdu ostean, gure helburua aurkariak berehala jazartzea da. Defentsan egonkortasun ona dugu eta baloiaren jabetza menperatu nahi dugu. Eta gure partidetan agresibitate gehiago izan nahi dugu, baita baloi jabetza gehiago ere, eta aurkarien arean jokalariak ditugun bakoitzean timing-a hobetu".

Azkenik, Gorka Guruzetari animo mezua bidali nahi izan dio Terzićek bere lesio larriaren ostean: "Valentziaren partida bukatzean, Guruzeta oso baikor zegoen, eta horrela egon behar dugu guztiok berarekin hemendik aurrera. Errekuperazio azkarra opa diogu, eta asko botako dugu faltan".