Iribar: Athletic Cluben ikur hilezkorra

Iribar: Athletic Cluben ikur hilezkorra

18 denboralditan zehar, Iribarrek ate zuri-gorria defendatu zuen, herriko atezaina eta legenda bihurtuz. Bere ondareak bizirik dirau, tituluen eta zaleen betiereko maitasunaren artean

Jose Angel Iribar (Zarautz, 1943), ‘Txopo’ bezala ezaguna, Athletic Clubeko kondairarik handienetako bat da. 1962an iritsi zen Bilbora, Basconia taldetik, eta 18 denboraldiz defendatu zuen ate zuri-gorria, 1979ra arte. 614 partida ofizialera iritsi zen, Klubaren historian partida gehien jokatu dituen futbolaria izanik. Bere garaierak, erreflexuek, segurtasunak eta janzkera beltzak San Mameseko ikur bihurtu zuten.

 

 

1969 eta 1973 urteetan bi Kopa irabazi zituen eta 1969-1970 denboraldian Zamora Saria. 1966an galdutako Kopako finalean ere protagonista izan zen, zale zuri-gorrien sorbalda gainean atera baitzen, jardun nabarmen baten ondoren, “Iribar, Iribar, Iribar es cojonudo... como Iribar no hay ninguno” oihukatuz, baita 1976-1977 historikoan ere, Athleticek Kopako eta UEFA Kopako finaletara heltzea lortu zuenean. Espainiako selekzioarekin 49 partida jokatu zituen eta 1964ko Eurokopa irabazi. 

Txopok hiru partida jokatu zituen euskal selekzioarekin: Irlandaren aurka kapitain izan zen, 1979ko abuztuaren 16an, San Mamesen. Euskal identitatearekin eta kulturarekin zuen konpromisoa euskararen aldeko jarreran islatu zen. Bere ibilbideko unerik esanguratsuenetako bat 1976ko abenduaren 5ean bizi izan zen, Realeko kapitain Inaxio Kortabarriarekin batera, derbia jokatu aurretik Atotxako zelaira ikurrina eskuetan zuela atera zenean; garai hartan ikurrina legez kanpokoa zen oraindik. Keinu hura euskal identitatearen aldarrikapenaren irudi historiko bihurtu zen.

1979an erretiratu ondoren, Iribarrek Athletici lotuta jarraitu zuen entrenatzaile lanetan, eta gaur egun Klubaren enbaxadorea da. 2023ko abenduan, haren omenezko estatua bat inauguratu zen San Mames estadioko zabaldegian, zaleen belaunaldientzako idoloa izaten jarraitzen duen figura baten errekonozimendu gisa.