Athletic Club - SD Eibar

Athletic Club - SD Eibar

Athletic Club
Athletic Club
10
SD Eibar
SD Eibar
  • 86' Azkona

KokapenaJesús María Pereda , Medina de Pomar

Garaipena SD Eibarren aurka eta giro bikaina Medinan

Burgoseko herriak futbolaren festa handi batez gozatu zuen Azkonak azken txanpan erabaki zuen norgehiagokan (1-0)

Athleticek garaipena lortu du SD Eibarren aurka denboraldiaurreko hirugarren partidan. Peña Athletic Medina de Pomar taldeak antolatutako lagunartekoak giro bikaina izan zuen harmailetan eta Iturregik, berriz ere, minutuak eman zizkien jokalari guztiei.

SD Eibarrek bi aukera argi izan zituen lehen minutuetan. Bigarren abagunean, Mariasun Quiñonesek geldiketa bikain batekin baloia kornerrera bidali zuen. 25. minutura arte Athletic Club ia ez zen aurkariaren areara iritsteko gai izan eta Peke izan zen ezker hegaletik lehenengoz ateraino iristea lortu zuena. Hurrengo jokaldian Nekanek baloia zutoinera bidali zuen. Armaginen presioagatik eroso egon gabe, Iturregirenak arrisku gehiago sortzen saiatu ziren. 36. minutuan Jone Amezagak izan zuen aukerarik argiena, baina Noelia Garciak baloia kornerrera bidali zuen.

Aldageletatik igaro ondoren, Eibarrek gola egiteko beste aukera bat izan zuen. Paula Esteban harrobiko atezainak arratsaldeko lehen gola saihestu zuen. 60. minutuan Iturregik jokatzeko prest zeuden gainerako jokalariak zelairatu zituen. 67.ean Oihane Hernandezek eskuin hegaletik baloi ederra ipini zuen, baina Aranak ezin izan zuen sare barrura bidali. 

Azken txanpan, talde gipuzkoarrak aukera arriskutsuren bat izan zuen. Jone Ibañez lehoi ohiak 0-1ekoa jarri ahal izan zuen korner baten ondoren. 86.ean Yulemak baloia berreskuratu zuen zelai erdian eta azkar ireki zuen Oihanerentzat. Sopelakoak Ane Azkonarentzat lehen zutoinean jarri zuen, eta honek ez zuen huts egin. Denboraldiaurreko hirugarren garaipena da, eta lehoiek oraindik ez dute golik jaso. Hurrengo hitzordua igande honetan izango da Lezaman, Girondins Burdeos taldearen aurka.