Athletic Club - UD Tenerife
Final laurdenak
Kopa

Athletic Club - UD Tenerife

Athletic Club
Athletic Club
11
UD Tenerife
UD Tenerife
  • 10' Elexpuru
  • A. Nanclares (b.a) 22'

KokapenaLezama 2 , Lezama

Finalerdietara!

Athleticek UD Tenerife gainditu du penaltietan Nanclaresen hiru geldiketa bikainekin eta Oguizaren gol erabakigarriarekin

Partida ahaztezina Lezaman. Athleticek 7-6 irabazi dio penaltietan UD Teneriferi eta bigarren urtez jarraian lortu du finalerdietarako txartela. Nanclaresek hiru penalti gelditu ditu eta Irene Oguizak behin betiko gola sartu du. Amaiera zoriontsua lehoientzat eta harmailetatik hasi eta amaierara arte animatu duten ehunka pertsonentzat. Meritu handiko garaipena lortu dute neskek.

Partida erritmo biziarekin eta bi taldeentzako abaguneekin hasi da. Euriak joko azkarra eragin du Lezamako berdegunean eta golak berehala iritsi dira. Athleticek 10. minutuan ireki du markagailua Elexpururen golarekin, zelai erditik jokaldi bikaina burutu ondoren.

Berehala erantzun du UD Tenerifek, korner batean Patri Gavirak lehen zutoinean errematatu duen burukada batekin. Kanariarrek gertu izan dute bigarrena Blomen erremate batekin. Izuaren ondoren, zuri-gorriek aukera onak izan dituzte Nevado, Azkona eta Pinedoren hanketan, baina Aline Reis atezain brasildarraren erantzun onekin egin dute topo. Nanclaresek ere geldiketa handia egin du atsedenaldira iritsi baino lehen.

Bigarren zatia kanariar kolorekoa izan da. Maddi Torrek baloi bat atera du goleko marran Gaviraren erremate baten ondoren eta Nanclaresek, berriz ere, geldiketa bikaina egin du 1-2koa saihesteko. Etxekoek minutu horiek sufritzen jakin dute, harmailetako afizio nekaezinak lagunduta, eta arauzko 90 minutuen amaieran gola sartzeko aukerak izan dituzte ere.

2020ko Kopan bi taldeen artean gertatu zen bezala, finalerdietarako txartela lortzeko luzapena behar izan da gaur ere. Harmailetatik penaltia eskatu dute area barruan Jone Amezaga lurrera erori denean, baina epaileak ez du faltarik ikusi. Oguiza luzapenaren bigarren zatian sartu da bederatzi hilabetez zelaietatik kanpo ibili ondoren eta Itxasok bigarren txartel horia ikusi du luzapena amaitu aurretik.

Penaltien txanda, azken geldialdia. Nanclaresek hiru gelditu egin ditu atepean UD Teneriferen bi 'matchball' salbatuz. Irene Oguizak ez du hutsik egin azken penaltian eta Lezaman zoramena piztu da. Athletic finalerdietan izango da bigarren urtez jarraian. Aurkaria, ostiralean 13:00etan jakingo dugu.