Athletic Club - RC Recreativo
Jardunaldia 14
Liga

Athletic Club - RC Recreativo

Athletic Club
Athletic Club
42
RC Recreativo
RC Recreativo
  • 6' Dani Bautista (b.a)
  • 27'40' Urzaiz
  • 58' J.Garmendia
  • Uche 54'
  • Sarriegi (b.a) 87'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 4-Recreativok 2: Etxeko lehen garaipena

Athletic Clubek etxeko lehen garaipena eskuratu du Liga honetan Huelvako Recreativo 4-2 mendean hartu ostean….

Athletic Club

Athletic Clubek etxeko lehen garaipena eskuratu du Liga honetan Huelvako Recreativo 4-2 mendean hartu ostean. Era guztietako golak ikusi dira San Mamesen eta zaleek eskertu egin dute taldearen jokua, aspaldiko aukera kopururik handiena ikusi baita San Mamesen eta gainera asko gauzatu dira. Hiru puntuei esker jaitsiera postuak uzten ditu gure taldeak eta lasaitasun gehiagoz prestatu dezake hurrengo lehia.

Partida hil ala bizikoa zelakoan sartu dira zurigorriak zelaira eta horrela ere agertu dira zale asko sarrera bikaina osatuz. Nolabaiteko urduritasuna somatu da hasieran, baina lehiaren ardatzak oraindik ezartzear zeudela Aranzubiak baloi luzea bidali du andaluziarren zelaiaren eskumalderantz. Etxeberria joan da bila eta baita Dani Bautista atzelaria ere aurrea hartuz eta baloia buruz jo du… baina bere atezaina begiratu gabe eta baloia doi-doi abiatu da zuzenean barrura… Lopez Vallejok berebiziko ahalegina egin du baloia ateratzeko, alferrikakoa, epailearen laguntzaileak jokaldia argi eta garbi ikusi baitu, horrelakoetan asmatzeak daukan zailatsuna beti ere kontuan hartuta.

Behin eta berriro errepikatu dugu detaile txikiak futbolean erabakiorrak direla eta lehen garaipen honetan golak gure jokalarien lokarri guztiak askatu ditu espero den jokoa egin zezaten. Hamargaren minutuan Yestek arriskua sortu du faltaz, baina Lopez Vallejok desbideratu du jaurtiketa. Athletic Clubek ez zuen harriturik zegoen arerioa pentsatzen eta erreakzionatzen utzi, ez dezagun ahaztu sailkapenean seigarrena zetorrela, eta presioari ekin dio behin eta berriz. Baloi luzeak eta gurutzatuak hegalak bilatzen zituzten eta hegaletatik etorri da ia arrisku guztia. Ordu laurdenean Urzaizek buruz errematatu du ondo, baina bikaina ere izan da Lopez Vallejoren erantzuna. Ia jarrain beste erdiraketa baten bitartez sartu da Urzaiz errematearen bila eta atezainak ukabilkada eman dio, normalean penaltiaren adibidetzat har zitekeena.

Zurigorriak lasaitu dira eta orekatu da norgehiagoka, baina Recreativok beste eskema zekarren partida honetarako eta ez du inoiz aurkitu min egiteko bidea. Adibide gisa, lehen zati osoan aukera bat baino ez du izan, 37. minutuan falta baten ondorioz, baina horretan epaileak jokoz kanpokoa seinalatu du.

Bigarrena behar zuen Athletic Clubek eta aukeratzekotan modurik egokiena hautatu du. Baloia albo batetik bestera osterabe mugitu ondoren, Javi Martinezek, ezkerrez oraingo honetan, baloia sartu du arean eta erremate izugarria egin du Urzaizek 26. minutuan. Cruyff famatuak behin Atletico Madrili sartu zion gola “errepikatu” du Tuterakoak edota Van Bastenek egin duen antzeko bat. Bi eta zero eta etorkizuna garbiago. Exposito saiatu da beranduago urrutitik enegarren baloi gurutzatuaren osteko jokaldian eta atsedenaldirako diferentzia nahikoa zirudien, batez ere taldeari etxean asko kostatzen zitzaiolako arerioak menderatzea. Halaz ere, hegaleko jokoaren garrantzia agerian geratu da berrogeigarren minutuan. Yestek oso ondo irakurri du jokaldia eta baloia sakonean sartu dio Gabilondori. Horren erdiraketa ere oso ona izan da eta Urzaizek etxeko burukada egin du hirugarren sartzeko eta partida erabakitzeko.

Atsedenaldian Marcelinok bere errudunak aukeratu ditu: Beto eta Dani Bautista, Arzo eta Rosu sartuz. Rosu ezker hegalean kokatu da eta Aitor atzera pasatu da. Recreativok ez du ezer berezirik lortu, baina kezkagarriena izan da behin iritsi direla eta Uchek buruz egin duela gola 55. minutuan. Mamuak itzuli dira Katedralera denbora gutxiz bada ere. Ia jarraian Pablo Amo lesionatu da eta Bouzon sartu da bere ordez 57. minutuan eta parean Garmendiak Yeste, lesionaturik ere, ordezkatu du. Eta 59. minutuan lehendabiziko baloia ikutu du pase txarra mozteko, tunelarena saiatu, baloia eraman halanola eta galdutzat ematen zuenean Lopez Vallejoren urrunketa bere belaunean jo du, oraingo honetan ere doi-doi barrura abiatzeko. Detaile txikiak. Orduan bai, erantzun zuzena eta berehalakoa, erreakzio izpirik gabe geratu dira bisitariak.
Arzo saiatu da buruz 62. minutuan eta bosgarrena egiteko abagunea izan du Gabilondok baina haren ezkerkada izugarriak ez du saririk izan eta zurarekin duen harremana sakondu baino ez du egin, hiru baitarama Liga honetan.

Partida aldapaz behera zihoan, Amorebieta euskarrian estrenatu da Javi Martinezen ordez eta Bouzon erretiratu da 76. minutuan lesionaturik. Recreativok hiru aldaketak eginak zituen dagoeneko eta talde biek erritmoa jaitsi dute nabarmenki. Gaueko golegilea, Urzaizek, lekua laga dio Llorenteri. Athletic Clubek beste aukera bat sortu du buruz, baina atepean urrundu dutena eta zaramaren minutuetan Sarriegik ere bere ohiturari eutsi dio: Liga honetan bitan irabazi du soilik Athletic Clubek eta bietan sartu du gola bere atean. Buruz kasu honetan. Eta ia bitxikeriarekin batera amaitu da lehia.

Poztasuna nagusi, nahiz eta Marcelino kanpotarren entrenatzaileak gure taldearen garaipenari meritoa kendu nahi izan dion euren hankasartzeak izan direla emaitzaren jatorria aipatuz. Futbolak horrelakorik ere ahalbideratzen du: norberak gauza berataz bere ikuspegia du. Guretzat pausoa eman du Athletic Clubek San Mamesen espero dena eskainiz eta detaile txikiak aurka ipintzen zirenean genion moduan oraindik gauza asko dago hobetzeko… puntuekin errazago den arren.