RC Deportivo - Athletic Club
Jardunaldia 15
Liga

RC Deportivo - Athletic Club

RC Deportivo
RC Deportivo
02
Athletic Club
Athletic Club
  • J.Martínez 9'92'

KokapenaRiazor , A Coruña

Deportivok 0-Athletic Clubek 2: Bide onetik

Athletic Clubek bide onetik segitzen du Deportivo 0-2 mendean hartu ostean eta jada bi dira…

Athletic Club

Athletic Clubek bide onetik segitzen du Deportivo 0-2 mendean hartu ostean eta jada bi dira jarraian lortutako garaipenak. Javi Martinezek egin ditu gure taldearen gol biak, bata korner baten jaurtiketa buruz errematatuz zortzigarren minutuan eta bigarrena 92. minutuan banako jokaldia burutuz. Bere orain arteko kirol bizitza laburrean lehendabiziko aldia da bi gol lortzen dituela partida berberan.
Hiru puntuekin batera datorkigun lasaitasun apur bat eskuratzeaz gainera, Athletic Clubek erakutsi du partidak irakurtzen dakiela, sufritzen dakiela eta, zergatik ez, nahiz eta bere birtuterik handiena izan ez, partidak golik jaso gabe amaitzen badakiela.

Ez zen arerio samurra Depor, baina lehendabiziko minutuetan Athleticek bidea markatu du galiziarren zelaian jokatu guran. Halaber, oraingo honetan lehen aukera gauzatzeak asko lagundu duela aitortu beharra daukagu. Zazpigarren minutuan Yestek behetik jaurti du falta atetik nahiko urrun, soropil labankorra aprobetxatu nahian. Kornerrean amaitu da jokaldia eta kornerra ederto errematatu du buruz sareetara Javi Martinezek, bide batez aste honetako entseguen balioa azpimarratuz.

Golarekin batera sailkapeneko tokia oraindik estutzen duela agerian geratu da hurrengo minutuetan, horiek izan baitira gogorrenak Depor aise nagusitu baita, partidako ordu erdia bete arte. Baloi jabetza Deporrena zen eta bi txaparradak ikusgai zeuden Riazoreren etxeko taldearena eta euriarena. Athleticek errezegi galtzen zuen baloia eta arriskua sortu ezean Caparrosen mutilak hazi dira.

Tarte horretan aukerarik garbienak sortu dituzte etxekoek. Esaterako 15. minutuan Sarriegik aldendu egin du baloi arriskutsua falta baten ondorioz, ia segidan Arizmendik aukera izan du Aranzubiak zapuztu duen arren, 21. minutuan gertatu den bezala protagonista berekin. Dena den, lehen zatiaren azken txanpa lasaiagoa izan da. Manek Iraola kokatu du euskarrian 32. minutuan Javi Martinez eskuin hegalera bidaliz eta apur bat gehiago mugitu eta dastatu du baloia Athleticek. Ez da hori Aiegiko golegileak nozitu duen aldaketa bakarra: punta erdian eta ezker hegalean ere jokatu baitu.

Baloi jabetza Deporrena segitu da izaten, baina aukerak ez dira horren garbiak izan: 35. minutuan Cristianek errematatu du baina ia indar barik eta 36. minutuan Arizmendik areaz kanpo jaurti du Aranzubiaren eskuetara. Athletic Clubek lan eskerga egin du atzean, baina oso gutxi heldu da gora. Aukera bakarra Yesteren falta jaurtiketa, 41. minutuan, izan da. Aouatek oso geldiketa bikaina egin du eta Riazor osoa konturatu da horretaz, epailea eta bere laguntzailetako bat ezik.

Bigarren zatian, espero zen legez, Deportivok eraman du ere ekimena, baina ezin izan du tajuzko aukerarik sortu. Aldiz, garbienak zurigorriak izan dira. Hasteko Urzaizena 51. minutuan aipatu dezakegu eta horrekin batera epaileak A Coruñan izan duen akatsik nabarmenena datorkigu burua, abantaila legea nola aplikatu duen eta zein parametroekin. Aurrelari nafarrak baloia lapurtu du, bakar bakarrik geratu da Aouateren aurrean, elastikotik heldu egin diote, gero askatu eta baloia lapurtu diotenean faltarik ez du adierazi… elastikotik heldu ostean askatu egin dutelako. Balizko txartela ez dugu aipatu ere egingo. Bide beretik 77. minutuan Juan Rodriguezi txartel horia erakutsi dio eta hiruzpalau segundu ez itxaroteagatik jokaldia bertan behera utzi du… Aduriz Aouaterenganako bidea libre zeukanean.
Eta Javi Martinezen gola kenduta, 92. minutuan, freskotasun izpi bat zeukala erakutsiz korrikaldi luzea egin ostean Auoatek desbideratu duen baloia bere gorputzean jo eta barrura abiatu denean, askozaz gutxiago ezin dugu aipatu, Yeste 56. minutuan ate aurrean mantsoegi ibili dela ez bada.
Hori bai, erritmo handiko norgehiagokan, entrenatzaile biek mugitu dituzte euren jokalariak etekin handiagoa atera nahian. Etxekoak, adibidez, Adrian aurrelaria atera du De Guzmanen ordez 52. minutuan eta bere atzetik Cristian hasieran eta Arizmendi ondoren kokatu ditu, batzutan erdiko bi aurrelarirekin jokatuz. Hamar minutu beranduago Stoyanoff zelairatu du Rikiren ordez, eskuin hegalean kokatuz eta Cristian ezker hegalera mugituz. Azkenik eta 70. minutuan Iago Arbeloaren ordez bidali du zelaira. Irten berria euskarrian kokatu da eta Juan Rodriguez sartu da erdiko atzelari bezala. Alferrik, Rodriguezek txartel horia ikusi du eta Juanma adiskideak pasa den igandekoa errepikatu du bi txartel hori ikustean eta, pasa den igandean bezala, aldageletarako bidea hartu du arauzko denbora amaitu baino lehen.

Athleticen, aldiz, gutxiago izan dira aldaketak baina gertatu, gertatu dira. Aduriz sartu da Urzaizen ordez 53. minutuan, Garmendia Gabilondoren ordez Javi Martinez aurrerago kokatuz eta 83. minutuan Amorebieta Yesteren ordez, Javi Martinez ezker hegalean ipiniz. Bata zein bestea, edozein tokitan, helburua bide onetik segitzea zen eta bigarren garaipen jarraian lortu du Athletic Clubek zulotik ihes egiteko beste aurrerapauso emanez talde lanari esker. Larunbat bezalako egun batean, duela bi urte, gure taldeak, zaleez ongi babesturik, 1 eta 7koa lortu zuen Liegen. Futbolean denbora azkarregi pasatzen dela baieztatzeaz aparte, gure taldea ez zela zuri eta orain ez da beltz. Erdibidean dago birtutea eta Riazorren lortu den emaitzek hori aurkitzen lagundu behar gaituzte.

Honetan ezta ere, gure taldea ez da bakarrik ibili eta ehundaka zalek etengabeko babesa eman diote, martitzenean San Mamesen emango dioten moduan, merezi du eta ahalegina urteari zapore onez agur esateko. A Coruñan segurtasun arduradunek “Gurpegi justizia” zioen pankarta kendu egin diete zaleei. Klubak eta interesatu den orok galdetuta “segurtasun arrazoiak” argudiatu dituzte, Gurpegi banku atrakatzailea zelakoan edo. Erdarazko esaldiak dioen legez: “Naturak ematen ez duena, ez du Salamancak prestatzen”. Bitartean, eta hemendik ere, Gurpegi eta gure klubeko partaide guztien errugabetasuna aldarrikatzen segituko dugu.